Segurako 18. ipuin, bertso eta marrazki sariketara 414 lan aurkeztu dituzte aurten
Hitz edo Irri Euskaraz Elkarri euskara elkarteak eta Elorri kultur elkarteak antolatzen dute, Joxean Ormazabalen omenez. Antolatzaileak gustura daude izandako parte hartzearekin
Hitz edo Irri Euskaraz Elkarri elkarteak eta Elorri kultur elkarteak antolatzen duten Joxean Ormazabalen omenezko ipuin, bertso eta marrazki sariketa amaitu da. 18. edizioa izan da aurtengoa, eta antolatzaileak gustora agertu dira izandako parte hartzearekin. 414 lan aurkeztu dituzte herri ezberdinetako haurrek Olentzero eta Mari Domingiren abenturen inguruan. Olentzero gaixo dago, Olentzero eta Mari Domingi ekaitzak harrapatuta dabiltza eta Bere etxe edo herritik ihes egin behar izan duen haurrari, nola ekarriko dizkiote opariak Olentzero eta Maridomingik? gaiak jorratu dituzte.
Segurako, Zeraingo eta Mutiloako haurrek, Urruñako eta Donibane Lohitzuneko eskoletako ikasleek eta bertso eskoletako ikasleek parte hartu dute. Antolatzaileen esanetan, «Euskal Herriko haurren esamolde eta euskalki desberdinez, elkar ezagutu, eta aberasteko» aukera da ipuin, bertso eta marrazki sariketa. Larunbatean izan zen sari banaketa Botikaxaharren. Epaimahaia Joxe Mari Telleriak (marrazketa), Eneko Araiztegik eta Felix Lardizabalek (bertsoak) eta Eider Lardizabalek, Amaia Mujikak, Uxue Maiotzek eta Ainhitze Arretxek (ipuinak) osatu dute.












