Eider Saez, Nogen-en ahotsa lau urtez, agurrean
Larunbatean izango du azkeneko kontzertua Nogen taldeko abeslari modura Eider Saez lazkaotarrak. Madrilen agurtuko du lau urteko ibilbidea, musikaren profesionalismora jauzi egiteko balio izan diona.
Agur guztietan bezala, sentimendu kontrajarriak dituela aitortu du Eider Saezek. «Pena» bat, lau urteko bizimodua, ingurua eta lanbidea izan duen Nogen taldeko ahots, aurpegi eta gidari lana uztera doalako. Bestetik, etorkizunari beste ertz batzuetatik heltzeko gogoa. Gabon aurretxoan iragarri zuen Donostiako folk-pop-indie estiloko talde ospetsua utziko zuela, «bihotzak eskatu» diolako eta bere «lekua» jada boskote horretan ikusten ez duelako. Azkeneko urtea «bereziki gogorra» suertatu zaiola ere erantsi zuen, agur gutunean.
Benetako agurra, ordea, larunbat honetan egingo du, lehen unetik poltsikoratu zuen oholtzan. 2018an hasi zen Nogen-en, eta lau urteko ibilbideko azken kontzertua etzi izango du. Madrilgo El Sol aretoan (Gran Vian), 21:30ean izango da emanaldia, Under Alt diskoaren birako azkenekoa, baita ere.
Euskal Herritik urruti agurtu beharrak ere samindu du Saez. «Lehenago esan behar nuen berez agurrarena, zeren abenduan bagenituen Euskal Herrian kontzertu pare bat, eta hemengo entzuleak agurtzeko data horiek aprobetxatzea zen asmoa. Baina egoeragatik bertan behera gelditu ziren emanaldi haiek, eta bira Madrilen bukatzen zenez, eta zorionez ez dute ezeztatu, han izango dugu aukera agur esateko», esan zion HITZAri atzo Eider Saezek, telefonoz.
Lagunen babesa Madrilen
«Gogotsu» dago kontzerturako; «lagunak ere joango dira gainera Lazkaotik eta ingurutik, eta gustura nago. Nogenen lau urte izan dira, eta horrek dakarren guztiagatik pena sentitzen dut. Baina gogoa ere bai, erabakia hartuta dagoelako, eta aurrera jartzeko unea delako jada».
Nogen taldea utziko du, baina ez musika. Oraingoz, barealdi bat eduki nahi du bizitzan: «Lehentasuna orain lasai egotea eta atseden hartzea da, urte hauek prozesatzea. Musika, noski, betidanik izan da niretzat parte oso garrantzitsua, eta hori ez da aldatuko. Ez dakit zer forma hartuko duten gauzek eta bizitzak nora eramango nauen. Baina, oraingoz, etapa hau itxi, lasai hartu, eta aurrera begira etorriko da etorri beharrekoa».
Ikaste eta gozatze aroa
Ixtear duen «etapari» buruz, berriz, esker oneko agertu da Saez: «Musika munduan profesionaltzeko aukera izan da. Txikitatik nabil musikan, talde, estilo eta gauza desberdinetan parte hartu dut. Hau profesionaletara jauzi egitea izan da».
Musika munduaren barnea ere ezagutu du: «Etengabeko ikasketa prozesua da, une oro hobetu beharra dagoela ikusi dut. Baina presio-egoera asko ere badauzka mundu honek. Laburbilduz, ikaste prozesu bat izan da, momendu oso onekin eta ez hain onekin. Baina, orokorean, lau urte esperientziaz disfrutatzeko izan dira. Asko ikasi dut, pertsonalki eta profesionalki. Oso eskertuta nago».
Azken goxokia, etzi, Madrilen. Kontzertu «berezia eta polita» izango dela aurreratu du.
Taldeko abeslarien goierritar kateak jarraituko du
Nogen Donostiako taldea den arren, beti izan du Goierriko zigilua. Lazkaokoa, zehatzago. 2016an sortu zutenean Ane Negueruela izan zen lehenengo kantaria, artean hirukotea zela. 2018an utzi zuen hark Nogen, jada boskote bihurtuta. Lekukoa Eider Saezek hartu zion. Beste lau urtean eman dio Nogeni goierritar ukitua. Ondorengoa zein izango den «erabakita» dauka taldeak. Izenik ezin izan du esan Saezek, baina «ingurukoa, gertukoa» dela bai. Katea ez da eten, beraz