Santa Ageda bezpera bertan degu
Pandemiak iaz ezarritako etenaldiaren ondoren, aurten egingo dituzte kantu-eskeak eta errondak Goierriko hainbat herritan. Itsasoko ospakizuna emanaldi bat izango da, Ostatun

Gizartea geroz eta laikoagoa eta paganoagoa den honetan, Euskal Herriko jai eta ohitura askok kristau santutegiarekin lotuta jarraitzen dute oraindik. Otsailak eskaintzen du horren adibide bat, Santa Agedarekin.
Otsailaren 5a da Santa Ageda eguna, baina Euskal Herrian bezperan dira ospakizunak. Egun horretan, etzi, koplak kantatuz errondak egingo dituzte herritar askok, makilak eskuetan dituztela. Bi alderdi ditu usadio zahar horrek: batetik, Italian, Sizilian III. mendean bizi izandako Ageda amabirjina eta martiria gogoratzea, eta bestetik, neguan lokartuta gelditu den lurra berriz ere biziberritzea eta esnatzea, makilekin kolpatuz. Ospakizun honek azkenaldian jai kutsua hartu duela ere esan behar da, eta hainbat tokitan errondak dirua eskatzeko baliatzen dutela ere bai.
Goierrin, hainbat hitzordu
Iaz pandemiak ezarritako etenaldiaren ondoren, Santa Ageda bezperako usadioari jarraipena emango diote aurten Goierriko hainbat tokitan, eta koplak abestera ateratzeko prest daude lagun taldeak eta abesbatzak. Gabirian, Zaldibian, Zerainen, Itsason, Ezkion eta Legazpin jarri dituzte hitzorduak.
Santa Ageda bezpera
· GABIRIA. Kaskoan eta baserrietan. 09:00etan aterako da herri kaskotik Osinalde elkarteko taldea. Egunez baserrietan zehar ibiliko da, eta iluntzean kaskoan.
· ZALDIBIA. Baserriz baserri. Bazkalondoan aterako da bertsolari eta bertsozale talde bat Santa eskean.
· ZERAIN. Auzoetan eta herrian. 15:30ean auzoetara joango dira, eta 15:00etan herrian ibiliko dira. Ez da afaririk izango. Aterako den dirua Xabier Makazaga presoaren familiarentzat eta ZerainLabentzat izango da.
· EZKIO. Udaletxetik abiatuta. 18:00etan elkartuko dira udaletxe aurrean eta han hasiko dira koplak kantatzen.
· ITSASO. Ostatun. Herriko Ostatun ospatuko da aurten Santa Ageda bezpera, 19:30ean, emanaldi batekin. Argazkiak eta koplak proiektatuko dira, betaratzen diren guztiek kantatzeko
· LEGAZPI. Abesbatzaren erronda. Santikutz abesbatzak erronda egingo du herriko kaleetan eta auzoetan zehar, 19:00etan Euskal Herria plazatik hasita.