Aristregi eta Izko Gabiria-Legazpin garaile, eta lider Alustiza-Izagirre
Goierritarren urtea izan da rallyesprintean. Alustiza-Izagirre bigarren sailkatu, eta euskal txapelketako lehen lider jarri dira. Campos kopilotu urretxuarra, hirugarren
Handiei aurre egiteko zirkuitu aproposa dela erakutsi du, beste behin, 24. Gabiria-Legazpi Rallyesprintak. Igandean, Mitsubishi eta M3 handien artean, Iñigo Alustiza gabiriar-legazpiarra eta Maialen Izagirre lazkaotarra azti ibili ziren, Peugeot 208 R2arekin. Bigarren sailkatu dira, eta rallyesprinten euskal txapelketan lider jarri.
Aitor Aristregi eta Mikel Izko nafarrak (Mitsubishi Lancer Evo IX) izan dira ezbairik gabe jaun eta jabe. Hiru erlojupekoak irabazi dituzte, 4:17,7, 4:24,6 eta 4:35,4 denborekin. Kantabriako federazio-lizentzia dute, ordea, eta euskal txapelketan ez dute puntuatu.
Alustiza-Izagirre, bigarren
Alustizak eta Izagirrek abenduan osatu zuten kirol bikoa, esperientzia luzeak batuz. Konstantziaren eta erregulartasunaren saria eskuratu dute, baita ofizioarena ere. «Oso pozik nago etxeko karreran bigarren eginda, hainbeste urtean beti borrokan ibilita, zer edo zergatik ezin izan dugulako aurrean bukatu», aitortu zuen, atzo, Iñigo Alustizak.
Gabiria-Legazpi Rallyesprintean orain arteko postu onena lortu du. Hasieratik jo zuten handira. «Halako karreretan lehen unetik ondo hasi behar duzu, zeren denbora galtzen baduzu, ez dago gero ezertarako tarterik. Akatsik gabe bukatu genuen lehenengo zatia; bigarren pasaera ere ondo, nahiz bidea zikindu zen. Denok denbora gehiago egin genuen, eta segundo batean hiru sartu ginen. Azkeneko zatian, arrisku pixka bat hartu nuen, eta ondo atera zen».
Izan ere, Aristregi-Izkori eztulik inork egin ezin zienez, podiumeko postuen borroka biziak hartu zuen interesa. Lehen eta bigarren zatietan Villares-Zozaia sartu ziren bigarren, baina azkenekoan denbora dezente galdu (5:00,3), eta jokoz kanpo geratu ziren. Alustizak eta Izagirrek 3. bukatu zuten 1. eta 3. zatietan, eta bosgarren 2.ean, baina denbora onarekin. Nerea Campos legazpiar kopilotua 3. izan da, Gorka Idigorasekin. Xabi Mujika-Miriam Iztueta 7. izan dira.
Bigarrenetik 10.era artekoak 17 segundoren barruan geratu dira, berdintasun handiaren seinale.













