Aizkoran, bi sari garrantzitsu Goierrira
Osinalde-Mitxelenak Latasa saria irabazi dute, eta Zaldua-Alberdik Gipuzkoako txapelketa
Aizkorak bi sari garrantzitsu ekarri ditu Goierrira azken egunetan: gazteen binakako Ramon Latasa saria batetik, eta Gipuzkoako binakako txapelketa, bestetik.
Unai Etxeberria ‘Osinalde’ ezkiotarrak irabazi du Ramon Latasa saria, Altsasuko Oier Mitxelenarekin bikotea osatuta. Sari hau Sunbillan (Nafarroa) jokatu zen, igande arratsaldean.
Gipuzkoako binakako txapelketa, berriz, Xabier Zaldua zumarragarrak irabazi du, Azkoitiko Julen Alberdirekin batera. Txapelketa hau atzo jokatu zen, Aiako pilotalekuan. Zaldua eta Alberdiren ondoren, Eneko Otaño eta Arkaitz Etxebeste sailkatu ziren, eta Mikel Larrañaga eta Ugaitz Mugerza hirugarrenak izan ziren.















