Gorbeia Suzien proban izango da Ioseba Eskudero Euskal Selekzioarekin
Ioseba Eskudero mendi lasterkari idiazabaldarrak Gorbeia Suzien Skymasters lasterketan parte hartuko du Euskal Selekzioarekin. Bihar jokatuko da lasterketa, Zeanurin (Bizkaia). Munduko skyrunning txapelketako azkeneko proba eta finala izango da. Aurtengo denboraldiko skyrunner onenak zeintzuk diren erabakiko da. Eskuderorekin batera, beste zazpi euskal herritar izango dira Zeanurin Euskal Selekzioarekin.
Bulgariako Bansko herrian irailaren 24an Pirin Etxreme proban zazpigarren postua lortu zuen Eskuderok, eta hala eskuratu zuen biharko munduko txapelketarako txartela. 09:00etan hasiko da lasterketa. SkyMaster-erako ibilbide berritua prestatu du antolakuntzak. 33 kilometroko ibilbidea egingo dute korrikalariek, 2.500 metroko desnibel positiboarekin. Bidean Igalirrintza eta Lekanda igoko dituzte.
Campos ez da izango
Igone Campos zumarragarra ere Euskal Selekzioarekin izan zen Pirin Extremen eta emaitza bikaina lortu zuen. Laugarren postuan helmugaratu zen. Biharko finalerako txartela bazuen arren, ez du Gorbeia Suzienen parte hartuko. Euskal Mendizale Federazioak azaldu duenez, orkatila osatu gabe dauka eta neguko denboraldira begira osatu nahi delako hartu du erabakia.













