«CAF-en lanik handiena ematen diguna sortze hizkuntza da»
Hamalau urtean CAFen muntatze, logistika eta maniobra lanetan aritu eta gero, martxoaz geroztik CAFeko Euskara arduradun ari da Bianditz Iraola Azantza (Zaldibia, 1978). Euskaraldiaren harira egingo dituzten ariketez, dituzten egitasmoez eta lantokian duten errealitateaz hitz egin du.
CAFen sartzeko ikasketak egin aurretik, Kazetaritzan lizentziatu eta horretan aritua zara. Profil hori edukitzea izan al da CAFeko Euskara arduradun izendatzeko arrazoia?
Izan liteke. Nik Joxe Begiristain [ordura arteko Euskara arduraduna] ezagutzen nuen, beste edozein langilek eduki zezakeen bezalako harremana nuen, eta nire inguruko Euskara batzordeko ordezkaria ere ezagutzen nuen, baina oraintsu arte ez dut parte hartu batzorde horretan. Profila izan banuela aipatu zidaten, deialdi bat egin zen, prozesu bat egon zen, hiruzpalau aurkeztu ginen, eta orain hemen nabil.
Jende gutxi horrenbeste langileko lantegi batentzat ezta?
Hemen gertatzen dena da jendeak duen formakuntza ez dela arlo honetan aritzeko. Euskara Batzordeko kideek sentsibilitatea badaukate: tailerreko jendea dago, bulegoetakoa, sindikatu bakoitzak bere ordezkaria dauka, zuzendaritzak ere bai… Berez, sail bakoitzeko ordezkari bat egotea komeni da, baina sail guztiak ez daude ordezkatuta.
Eta zerekin egin zenuen topo?
Amildegi handi batekin! Joxerekin denbora gutxi egin nuen trantsizioa behar bezala egiteko, eta Elhuyarrek ematen digun aholkularitza zerbitzuan aurkitu dut babesa, baita batzordean ere, noski. Pixkana-pixkana ikasten ari naiz, eta aurtengoa horrela joango da, ikasketa prozesu horretan.
Orain Euskaraldia gainera?
Bai, urte betea izaten ari da bai! Euskaraldia dator, hurrengo urtean Bikain ziurtagiria berritu nahi dugu Irungo lantegian, eta horrako ere formakuntza bat egin beharra dago, eta ebaluatzaile izateko lanean nabil, besteak beste. Euskaraldiaren harira motibazio kanpaina bat egiten da udazkenean, baina aurten proposamen bat egin zuten Irundik ingurumena eta euskara lotuta zerbait egiteko, eta martxo-apiriletik horretan ari gara. Alderdi burokratikoan ere, fakturak, eskaerak eta itzulpenak kudeatzeko sisteman aldaketak izan dira, eta hor ere aritu egin behar. Betea izan dela esan dudanean, alderdi horretatik esaten dut.
Eta zer asmo duzue?
Beasaingo eta Irungo tailerretako eta bulegoetako errealitateak ezberdinak dira, lana egiteko modutik hasita. Bulegoetan egin nahi dugun ariketa bat da posta elektronikoen bidalketen ingurukoa. Egin nahi duguna da euskaraz dakienak euskaraz idatz dezala, eta esteka bat jarri euskara ulertzen ez duenak itzultzaile neuronala erabil dezan. Itzultzaile neuronalak bere mugak ere baditu, baina testu bat ulertzeko adina ematen du. Horrekin lortu nahi duguna da euskaldunek euskaraz idaztea, eta ez bi lan hartzea. Ohitura hori hartu nahi dugu, euskaraz ez dakiena ez baita kontziente zer lan suposatzen duen bi hizkuntzetara ibili beharrak.
Elkarrizketa osoa GoiBerri.eus aldizkarian.