Euskal Herriko 24. txistor lehiaketa jokatuko da gaur, udaletxeko arkupeetan
Euskal Herriko txistorrik onena nork egiten duen erabakiko da. Iaz Tolosako Miren Karmele Pagolak irabazi zuen. Oianguren ikastetxekoak txistorra pintxoak zerbitzatzen egongo dira
Euskal Herriko txistorrik onena nork egiten duen erabakiko da gaur Ordiziako udaletxeko arkupeetan. Euskal Herriko 24. txistor lehiaketa jokatuko da 10:00etatik aurrera. Asteazkeneroko azoka izanik, giro paregabea egongo da goizean Plaza Nagusi inguruan. 50 bat txistor ekoizlek parte hartuko dute lehiaketan. Gehienak gipuzkoarrak izango dira, baina baita ekoizle nafarrak, bizkaitarrak eta arabarrak ere. «Bertakoak diren produktuen aldeko arreta piztu nahi da, eta aldi berean, kontsumitzaileek estimatzen duten kalitatezko produktuak eginaraztea artisauei», azaldu dute lehiaketaren antolatzaile diren Ordiziako Udalak eta Gipuzkoako Merkatarien Federazioko Harakin elkarteak. 2020an bertan behera geratu zen pandemiagatik, eta iaz, berriz, Miren Karmele Pagolak irabazi zuen.
Iker Markinezek (Kaxola), Xabier Osak (Jakitea), Maite Retolazak (Oiharte sagardotegia), Aitzol Zugastik (aholkulari gastronomikoa eta Basque Culinary Center-eko irakasle), Eli Belaunzaranek (Diario Vasco), Nuria Perezek (Goierri Irrati Telebista) eta Eskerne Falconek (turismo gastronomikoan aditua) osatuko dute epaimahaia.
Txistorraren neurria eta homogeneotasuna, gustua, txikidura, giharra eta koipea edota ontze-puntua hartuko dute kontuan produktuak baloratzerakoan. «Lehenik eta behin produktu freskoak duen itxurari begiratuko diote: betetzerakoan berdina izatea, eskuz lotutakoa izatea, hestea, lodiera eta abar. Ondoren, gordinik dagoela, txistorra ebaki eta giharra eta koipearen proportzioari erreparatuko diote, baita haragiaren txikitzeari ere, eta azkenik, zartaginean frijitu eta duen zapore, usain eta ahogozoari».
Hori kontuan hartuta, eguerdi aldera jakingo da Euskal Herriko txistorrik onena zein den.












