Ordiziak ia hiru milioiko laguntza jaso du Europako Next Generation funtsetik
Oiangu eraberritzeko erabiliko dute: baserria aterpetxe bilakatuko dute. D'elikatuz zentroa Goierriko bisitarien arreta gune eta azokaren interpretazio zentro bilakatuko dute
Ordiziak 2,9 milioi euro lortu ditu Next Generation diru laguntza funtsetik. Turismoaren alorra jorratzeko erabili behar da diru hori, eta Ordizia, lurraldearen dastamena proiektua garatzeko aprobetxatuko dute.
Oiangu eraberrituko dute, alde batetik. Zehazki, Oiangu baserria aterpetxe bezala egokituko dute eta Oiangu golf zaharraren eraikina balio anitzetarako harrera eraikin bilakatuko dute.
D’elikatuz zentroa Goierriko bisitarien arreta gune eta Ordiziako azokaren interpretazio zentroan bilakatuko dute, bestetik. Ordiziako gaztandegia birkokatuko dute.
Planaren ardatza Ordiziako harrera-azpiegiturak hobetzea izango da. Ordizia Goierrirako sarbidea izanik, eta Oiangu Aralar Parke Naturalekoa, produktu turistiko natural hori sustatuko dute, paisaia-, ondare-, kultura- eta gastronomia-mugarrietan oinarrituta. Ordizia Goierrira sartzeko sarbide gisa indartzea da helburua, bisitarien harrera hobetuz eta eskualdeko baserrietako, landa paisaiaren ustiapen txiki jasangarrietako eta balio natural handiko espazioetako ikuspegia nabarmenduz.
Adur Ezenarro alkateak «izugarrizko albiste ona» dela adierazi du, albistea jaso bezain pronto. «Eskatutakoa ia bere osotasunean lortu dugu, eskatutakoaren %92,5. Lan handia egin dugu deialdi hauetara proiektuak aurkezteko, baina bere fruituak ematen ari da». Next Generation diru-laguntzen hiru deialditan aurkeztu da Ordizia.
Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko Sailburuak Turismoko bigarren lurralde planean onartutako proiektuak aurkezterakoan jakinarazi zuen Ordiziak ia hiru milioi euroko laguntza jasoko duela. «Anbizio handiko» proiektua dela deskribatu zuen, «efektu eraldatzailea bilatzen duelako».












