Erakusleiho dotoreenei saria
Eguberrietako erakusleiho lehiaketen sariak banatu dituzte Beasainen eta Lazkaon. Lehenean Xalo dendak jaso ditu boto gehien, bigarrenean Mamufo Laboreak-ek. Erretiroa hartu duten merkatariak ere omendu dituzte.
Tokiko merkataritzaren ezaugarriei balioa emateko eta herrian kontsumitzeak duen garrantziaz jabetzeko antolatu ohi dituzte Eguberrietako erakusleiho lehiaketak Beasainen eta Lazkaon. Herritarrek aukeratzen dituzte boto bidez erakusleiho dotoreenak, eta trukean erosketa bonuak irabaz ditzakete. Joan den astean banatu zituzten sariak bi herriotan. Beasainen kasuan, gainera, erretiroa hartutako merkatariak omendu dituzte.
Bareak elkarteak udalaren laguntzarekin antolatzen duen Eguberrietako erakusleihoen lehiaketako epaimahaia herritarren botoek eta Bareak elkarteko eta udaleko ordezkari banak osatu ohi dute. Edizio honetan hogei saltokik hartu dute parte. Lehen saria Xalo arropa dendak jaso du, bigarrena Andreak arropa dendak eta hirugarrena Kux-Kux haurrentzako arropa dendak. Erosketak txekeak, berriz, Janire Miretek (200 euro), Mertxe Madridek eta Conchi Raponek (100na euro) jaso dituzte.
Erretiroa hartu duten lau merkatariri ere aitortza egin diete Beasainen: Usurbe Grafiketako Jaione Crespori eta Jose Mari Martinezi, Xunai Arteako Jokin Telleriari eta Arnedoko Txokoa dendako Basilio Gil Marini. Sarituek eta omenduek Leire Artola alkatearen eta Elena Ruiz zinegotziaren eskutik jaso dituzte garaikurrak eta oroigarriak.
Lazkaon zortzigarren aldiz
Lazkaon hemeretzi merkatarik hartu dute parte Eguberrietako VIII. Erakusleiho lehiaketan, eta 1.330 boto eman dituzte bezeroek. Mamufo Laboreak izan da lehen sariaren irabazlea, bigarren saria Ana Cristina Olano Edergintzak jaso du eta hirugarrena Amets Bat arropa dendak. Botoa eman dutenen artean 300 euroko sari bat eta 100 euroko lau zozkatu dira. Sarituak, honakoak: Amaia Arrese-Igor (300 euro), eta Angelita Txapartegi, Idoia Miquel, Aitziber Etxeberria eta Heber Garmendia (100na euro).













