Gaur ireki dute Majori-Altamira kiroldegi osoa, ohiko orduan
Atzo goizean gimnasioa eta eremu lehorreko instalazioak ireki zituzten, baina gaur arte itxaron dute igerilekua, sauna eta aldagelak zabaltzeko, segurtasun neurri bezala
Egoera baretu da Majori-Altamira kiroldegian. Herenegun arratsaldean gertatutako kloro isuriaren ondoren, gaur ireki dute kiroldegi osoa, ohiko orduan, 7:00etan. Atzo goizean suhiltzaileek neurketak egin zituzten eta gimnasioa eta eremu lehorreko kirol instalazio guztiak ireki zituzten emaitzak egokiak izan zirelako. Eguerdian, berriz, igerilekuko eremuko airea eta ura neurtu zuten suhiltzaileek eta Osasun Saileko sanitarioek.
Bigarren neurketa horretako emaitzak «egokiak» izan zirela adierazi zuen Adur Ezenarro Ordiziako alkateak, baina segurtasun neurri gisa «egokiena» gaur arte itxarotea zela. Atzo goizean eta arratsaldean, hala, itxita egon ziren igerilekua, sauna eta aldagelak, eta 9:30ean ireki zituzten gimnasioa, kantxak eta bestelako lehorreko kirol instalakuntzak. Hereneguneko isuriagatik, ebakuazio azkarra egin behar izan zen, eta igerilekuko aldageletan utzitako gauzak atzo 11:00etatik aurrera jasotzeko aukera eman zuten.
200 bat ebakuatu
Herenegun gertatu zen istripua. Arratsaldeko 18:00ak pasata zirela, kiroldegiko langileetako batek ez ohiko usaina nabaritu zuen. Kloro isuria izan zen. Egoera ikusita, kiroldegia ixteko agindua eman zuten, eta Altamirako zelaietan egitekoak ziren entrenamenduak ere bertan behera geratu ziren. 200 bat pertsona ebakuatu zituzten, eta kiroldegiko aparkalekura irten ziren. Suhiltzaileak, Ertzaintza eta udaltzainak bertaratu ziren abisua jaso ondoren. Igerilekuan zeudenak soinean zutenarekin irten behar izan zuten. Kloro usaina segituan hedatu zen Majori-Altamira auzoko inguruetara ere.
Zazpi pertsona anbulantzietan artatu behar izan zituzten, begietan narridurak edota arnasteko arazoak izan zituztelako. Prebentzio neurri gisa, erietxera eraman zituzten zazpi pertsona horiek, behaketara. Haietako sei gauerdirako etxean zeuden. Zazpigarrenak gaua pasatu zuen bertan eta atzo goizean jaso zuen alta. Denak arriskutik kanpo eta onik daude.
Majori-Altamira kiroldegia itxita egon den bitartean, Lazkaoko Joxemiel Barandiaran kiroldegia erabiltzeko aukera eman zaie bazkideei.
Hodi haustura
Udalak baieztatu du hodi haustura bat egon dela, baina ez dakite oraindik zehatz-mehatz isurketa zergatik gertatu den. «Kloroa eta azidoa erabiltzen dira pH-a kontrolatzeko, eta elkartzen badira erreakzio kimikoa izaten da. Horrek eragiten du horrelakoetan kloro isurketa», azaldu zuen atzo alkateak.
Herenegun arratsaldeko urduritasunaren ostean, egoera lasaitu da Majori-Altamira inguruan. Erabiltzaileak lasaitasunez hurbildu ziren atzo. Gainera, ez da inor larri zauritu kloro isuriagatik, eta erietxera eramandakoak ere etxean daude onik. Gaur berriro ekin diote kirol aktibitateei kiroldegian, eta ohiko ordutegian eta erabileran eskainiko dira bertako zerbitzu guztiak, goizeko 7:00etatik aurrera.












