Garziandiak domina irabazi du Munduko Eskubaloi Txapelketan
Imanol Garziandia eskubaloi jokalari urretxuarrak brontzezko domina irabazi du Munduko Eskubaloi Txapelketan, Espainiako selekzioarekin.
Hirugarren posturako partida Suediaren aurka jokatu zuten, igande arratsaldean. Aurreko partidetan Garziandiak ez zuen jokatzeko aukerarik izan, baina hirugarren posturako lehian entrenatzaileak jokatzeko aukera eman zion.
Espainiako selekzioak 39 eta 36 irabazi zuen. Garziandiak gol bat sartu zuen, gainera. Munduko Txapelketa Polonian eta Suedian jokatu da eta hirugarren posturako partida Suediako hiriburuan jokatu zuten.
Ibilbidea
Garziandiak Urolan eman zituen lehen pausoak. Urretxuko eta Zumarragako taldetik Elgoibarrera joan zen eta handik Asobal ligako Naturhouse Logroño (Errioxa, Espainia) taldera egin zuen salto. Bertan, Txapeldunen Liga jokatzeko aukera izan zuen. Logroñotik Frantziara joan zen eta egun Hungariako Pick Szeged taldean jokatzen du.













