Biziola apirilean hasiko da Ataunen dendako salgaiak auzoka banatzen
Goierri osora zabaldu baino lehen, bi probaldi egingo dituzte. Apirilaren 19tik maiatzaren 19ra da aurrenekoa. Oraingoz, bi auzotan zehaztu dituzte jasotze tokiak.
Ander Kerejeta, Biziolako banaketa arduraduna, Ataunen. // Argazkia: Aimar Maiz Apirilaren 18an hasiko du Biziola kooperatibak bere dendako produktuak Ataungo erosleei eramateko banaketaren proba-pilotua. Bi probaldi egingo dituzte, egun horretatik maiatzaren 18ra lehena, eta, balorazio bilera baten ondoren, maiatzaren 23tik ekainaren 29ra bigarrena. 11 asteko proba izango da.
Goierriko beste herrietara banaketa sistema zabaldu aurretik, Ataunen egingo du saiakera praktikoa Biziolak, hiru auzo eta izaera ezberdinekoak dituelako, Ander Kerejeta banaketa arduradunak lehen osteguneko aurkezpenean esan zuenez. Herrian dagoen prestutasuna ere aitortu eta eskertu zuen.
Astean bi egunetan
Oraingoz, San Martingo Garajeetako lokalean eta San Gregorion Sutegi tabernan jarriko dituzte erosketak jasotzeko tokiak. Aian ez dute lekurik zehaztu. San Martingo lokalean, giltza magnetikoa ipintzeko asmoa dago.
Erosleek Biziolapp aplikazioaren bidez erositakoak, astearteetan eta ostegunetan eramango dizkiete; bakoitzaren eskaria kartoizko kaxa batean, izenarekin eta erosketa-etiketarekin identifikatuta utziko dute, hotza behar duten produktuentzat kaxa isotermikoan.
Jasotzeko ordutegia ere zehaztu dute: San Martinen 11:00etatik aurrera, eta San Gregorion 11:00etatik 13:00etara.
Oker jasotakoak itzultzeko aukera ere izango da, egunean bertan 19:00ak arte.













