Danbor arratsaldea atzo, eta danbor gaua gaur
Atzoko danborradan 210 haur eta gazteek parte hartu zuten, eta gaur gauekoan 520 partaide izango dira, musikariak barne. Herri danborrada 23:00etan aterako da Laubidetik.
Haurren eta gaztetxoen danborradaren eguna izan zen atzo Legazpin, eta gaur berriz entzun ahal izango dira danbor hotsak gauean, herri danborradaren eskutik. Urtetik urtera protagonismo handiagoa hartzen doazen bi ekitaldi dira, eta aurten biak aldaketekin etorri dira.
Atzoko danborradan 210 haur eta gaztetxok parte hartu zuten, HH5etik DBH2rainokoak, eta zazpi konpainiatan banatuta egin zuten Laubidetik plazara arteko ibilbidea, tartean urketarien eta Sorgintxuloren konpainiak ere bazirela. Partaideen artean 87k danborra jo zuten, eta beste 87k upelak. Gainera, konpainia bakoitzak zuzendaria zuen, Ormazarretako zaldien gainean kapitaina eta kantinera atera ziren, beste bi gaztetxok Legazpiko bandera eraman zuten eta desfilean, alkateak eta lau zinegotzik osatutako korporazio txikia ere atera zen, eta hainbat figurante ere bai. Urretxuko Ipeñarrieta baserriko idiek eta karroak osatu zuten komitiba, Legazpi Musika Bandarekin batera.
Nobedadeak izan ditu
Hainbat berritasun izan dira aurtengo haurren eta gazteen danborrada honetan. Ordutegia, batetik, aldatu egin dute, hasiera 30 minutu atzeratu baitute, baita ibilbidea ere. Bestetik, errepertorioan ere izan dira aldaketak, eta lehen aldiz Legazpiko ereserkia eta Marcha de gallos jo dituzte haurrek. Gainera, partaideen artean Korosti eta Sustraiak dantza taldeko kideak zirela baliatuz, Legazpiko ereserkia eta San Sebastian martxa dantzatu zituzten plazako azken ekitaldian.
Arropa berriak ere erosi dituzte aurten, korporaziorako eta konpainia oso baterako. Gainera, danbor txikiagoak ekarri dituzte txikien konpainiarentzat.
Gaurko herri danborrada
Laubidetik 23:00etan atera eta plazara 24:00etan iritsiko den herri danborrada jendetsuagoa izango da, 520 lagun inguruk parte hartuko dutelako 16 konpainiatan banatuta. Ohi bezala, bit talde handitan banatu eta bi bide desberdinetatik egingo dute plazara arteko ibilbidea, musika bandako kideez, figuranteez, Ipeñarrietako idiez eta Haizeta baserriko astoaz lagunduta, eta aurten abesti berri bat ere joko dute, Umore ona.