Nazio mailako beste bi titulu ere izendatuko ditu G2H lasterketak
Distantzia luzeko ultratrailen Euskadiko txapela ebatziko da, batetik, Beasainen. Euskal Herriko Kopa ligako laugarren eta azkeneko jardunaldia ere bada.
Ioseba Eskudero idiazabaldarra, iaz, G2Hn helmugaratzen. // Argazkia: Ariane Vierbücher G2H Goierriko Bi Handiak lasterketaren 88 kilometroek bi txapeldun gehiago ere emango dituzte, ostiraletik larunbatera. Euskal Mendizale Federazioak antolatutako bi titulu ebatziko dira, ultratrailekoak biak.
Batetik, ultratrailen Euskadiko Txapelketa jokatuko da G2Hrekin batera. Hiru modalitate bereizi ditu EMFk, eta zehaztea falta den azkena ultrarena da. Lehenagotik, lineako txapelketa Mendaron (apirilak 1) eta kilometro bertikalena Txindokin (maiatzak 7) jokatuta daude. Asteburu honetan, beraz, ultratrailen txapelak banatuko dira.
Bestetik, Euskal Herriko Koparen azkena ere bada. Denboraldia G2Hrekin amaituko du EMFk. Lau jardunaldiko egutegia osatuko dute kopako parte-hartzaileek. Enkarterri Extrem Zaramillon (apirilak 15), Domusa Teknik 40 miliako proba Azpeitian (maiatzak 6) eta EH Mendi Erronka Leitzan (ekainak 3) izan dira kopako beste lasterketa puntuagarriak.
Udazkenean adinka
Euskal Herriko Kopak jarraipena izango du. Linean, maila absolutuan eta beterenoetan bi proba geratzen dira. Kadete eta juniorretan, bakarra.
Irailaren 23an jokatuko dira bietako finalak, Azkainen.












