Osasunarekiko lasterbiderik ez
Ultratrailetan bereziki zaindu beharreko atala da lasterkarien osasunarena. Norbere burutik hasita, zenbait jarraibide bete behar dira. Profesional ugari ere zaintzaile dira.

Distantzia luzeko mendi lasterketek mugaraino eramaten dute giza gorputza. Bestelako egoeretan iritsiko ez litzatekeen erresistentzia eta iraupen eremuetan sartzen dira korrikalariak. Baina ez da txantxetan ibiltzekoa. Bada ultratrailen munduan idatzi gabeko arau bat: norberaren gorputza ezagutzearen jakintzak ematen dituen sentsazioak ez traizionatzea. Ez da erraza izaten sarritan, ordea; lehiaren sukarrak, erresistentziaren soka gehiago teinkatu nahiak edo, besterik gabe, ahidurak lausotu ditzake kontzientziaren argiak.
Hala, Ehunmilak, G2H eta Marimurumendi probek irauten duten hiru egunetarako, profesional eta boluntario multzo handi bat izango dute artatzaile lasterkariek. Osasunak lehentasun behar du edozein kirol probatan, eta Ehunmiletan ez da gutxiagorako.
Azpiegitura eta baliabide material zein humano eskerga jartzen dute osasun zerbitzurako. 220 orduan, etenik gabe, 233 lagun ariko dira lanean. Beasaingo udaletxean kokatuko dute segurtasunaren koordinaziorako kontrol nagusia, eta zazpi osasun postu aurreratu instalatuko dituzte ibilbidean barrena.
Inpaktu fisiologiko handia
Zientifikoki neurtuta dago ultratrailek korrikalarien gorputzean eragiten duen eragina. Zaragozako Unibertsitateak 2018an 100 kilometroko eta 6.000 metro positiboko ultratrail batean parte hartu zuten hogei korrikalari aztertu zituen, aurretik eta ondoren. Ondorio nabarmenenak eta lehenak, deshidratazioa eta giharreen gaitasun murrizketa direla esan zuen emaitzak.
Metabolikoki analisiak egin zizkieten, zelula-mintzetan kaltea suposa dezaketen substantzia batzuen eraldaketa neurtuta.
Kreatinkinasa, kreatinina eta laktato hidrogenatu gabearen kopuruak analizatu zizkieten, eta horien galerarekin kalkulatu zuten korrikalariek gorputz pisuaren %2,62 galdu zutela proban zehar. Eragile nagusia, deshidratazioa izan zen, nahiz eta batez beste bakoitzak 10,3 litro likido hartu zituen (ura eta edari isotonikoak).
Lasterketan ez zuen oso bero egin, 14,1 graduko tenperatura batez bestekoa izan zen. Bestela, are larriagoa zatekeen deshidratazioa, giltzurrunei erasango ziekeena odol lodiagoa iragazi beharraren erruz.
Kreatinkinasa baloreek ultratraileen gogortasuna eskalan kokatzeko balio izan diete ikertzaileei. Saskibaloi partida bat jokatuta baino 11 aldiz balio handiagoak jariatu zituen korrikalarien gorputzean; distantzia luzeko triatloia (1,8+90+21 km) egindakoan baino sei aldiz gehiago, eta 42 kilometroko asfalto gaineko maratoi batean baino hiru bider altuagoa.
Indarraren galera
Ulergarriagoa suerta daitekeen beste ondorio bat, giharreen indar galera da ultratrailetan. Batez ere, beheko soin-adarren gaitasun gabetzea eragiten du luzaroko gehiegizko esfortzuak. Korrikalariek izter gainetako koadrizeps giharreen –giza soineko muskulu indartsuenak dira– luzamendu indarra %30 galdu zuten probarekin. Hau da, aurretik 26 zentimetro garaierako jauzia egin zezakeenak, ondoren 18 zentimetro lortu zituen.
Eliteko korrikalarien gorputzaren barne ahidura adierazten duten substantziak %15 eta 32 ugaldu zirela ebatzi zuen azterketak. Lesio eta kalte muskularrak ugaltzeko arriskua areagotzen du horrek. Baina jauzi bertikalaren proban, gaitasuna hasierakotik gutxiago murriztu zitzaien, eta gutxiago prestatutakoek baino hobeto mantendu zuten beheko soin adarren indarra. Prestakuntzaren garrantzia sendotzeko beste argudio bat zela ulertarazi dute: «Indar maila eta erresistentzia-indarra zenbat eta handiagoak diren, desnibel positiboan zein negatiboan, hobea da giharreen osasun ona mantentzeko aukera».