Jose Luis Arzuagak eskultura lan berria aurkeztu du: Trikuharria
Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa irudikatu ditu eskulturan. Lau lurraldeak eta gizakia orokorrean omendu nahi izan ditu. Kokapen bila dabil orain.
Eskultura lan berri bat amaitu eta aurkeztu du Jose Luis Arzuaga legazpiarrak, Trikuharria. Lasturgo harrobitik ateratako kareharri grisez egina, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa eta orokorrean gizakia omentzeko helburua du. Trikuharriak bost tonako pisua du, eta 2,20 metroko altuera.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa hiru zutoinetan daude irudikatuta, bakoitza batean, eta txapel formarekin egin duen gaineko pieza Nafarroari eskainita dago. Harri zati bakoitzean, dagokion lurraldearen hasierako hizkia ere zizelkatu du Arzuagak. «Urbiako lizarrek kanpora aterata dituzten zuztarren formarekin inspiratuta egin ditut hizkiak, eta nondik gatozen gogoratzeko asmoz sortu ditut», eskultoreak azaldu duenez.
Zuztarrek bezala, «lurrak ere eman dio bere zentzua eskultura honi, naturak harriari modu naturalean emandako forma da irudikatu nahi izan dudana, berez gastatuta egongo balitz bezala». Horregatik dio «harri noblea» dela, «ertzik gabea».
Trikuharria hutsa da barrutik, baina zutoinen barne aldean ilargia, eguzkia eta izarra bezalako elementuak zizelkatu ditu. Zulo txikiak ere egin dizkio harrirari barru aldetik, «natural atera zaizkit», eta Idiazabalgo Urtsuaran auzoko amaren baserritik hartutako perrak eta kate zatiak sartu ditu horietan.
Kokapen bila
Arzuaga oso gustura geratu da emaitzarekin, eta orain eskultura berri hau kokatzeko leku bila dabil,«muga esanguratsuak dauden leku bat izango litzateke aproposa», azaldu du.
Orain, Elbarrena auzoan arotza zenean erabiltzen zuen lokalaren ondoan du gordeta. «Ilusiorik handiena eskultura bera egiteak eta amaitzeak eman dit, baina nonbaiten kokatzeak ere poz handia emango lidake».
Mirandaolako Olagizona eta beste lanak
Trikuharria ez da legazpiar honen lehen lana. Aurretik ere egin zuen bat, oso ezaguna bihurtu dena, Mirandaola parkean dagoen Olagizona, hain zuzen. Hori ere kareharrizko pieza bat da, baina beige kolorekoa, tamaina handikoa eta ingurura bisitan joaten diren guztien arreta deitzen duena. Ikusgarria da eskultura hori, 3,25 metroko altuera du eta. Tarragonatik (Herrialde Katalanak) ekarritako 12,5 tonako harria erabili zuen, eta sei urte behar izan zituen amaitzeko.
Beste bi lan ere eginda ditu, bere ama Juliana Aierberen bustoa, Carrarako marmolean, eta Gerra garaiko emakumeak omentzeko beste eskultura bat, besoetan umea duen ama bat irudikatzen duena, eta Idiazabalen, Utsuaranen ikusgai egondakoa.