Emakumeok Mugimenduan aplikazioa aurkezteko hainbat hitzordu Goierrin
Egun hauetan, Txita informazio gune ibiltaria ibiliko da Zumarragan, Legazpin, Urretxun eta Idiazabalen. Foru Aldundiaren programak emakumeen jarduera fisikoa sustatzea du helburu, eta aplikazioak eguneroko aktibitatearen jarraipena egiten lagunduko du.
Emakumeen aktibotasuna eta jarduera fisikoa sustatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak indarrean duen Emakumeok Mugimenduan kanpainaren aplikazioa aurkeztuko dute egun hauetan Goierriko hainbat herritan, Txita informazio gune ibiltariaren bitartez. Telefono mugikorrerako aplikazio hau herritarrei hurbiltzeko asmoz, Txita ibiltaria Zumarragan ibiliko da bihar osoan zehar 10:30etik 13:3era eta 15:30etik 18:30era, bi dinamizatzailek lagunduta. Etzi Legazpiren txanda izango da, ostegunean Urretxun ibiliko da Txita Ibiltaria, eta ostiralean, Idiazabalen.
Zumarragako eta Legazpiko udalek ere bat egin dute kanpainarekin. Hala, bihar emakumeek doako sarrera izango dute emakumeek Zumarragako Ispilla kiroldegian, eta ikastaroetan parte hartu ahal izango dute. Horrez gain, emakumeentzako bi irteera ere egingo dira, lasterka. Bat, ibilbide laburra izango da, lau kilometrokoa, eta 16:00etan Euskadi enparantzatik abiatuta, Azkoitiranzko bidean dagoen ur araztegiaren osteko mahaietaraino joan-etorria izango da. Bigarren ibilbidea zortzi kilometrokoa da, eta 17:30ean abiatuko da plazatik. Legazpirantz doan bidegorriaren amaieraraino joan-etorria izango da.
Legazpiko Udalak, berriz, doako sarrera eskaini die asteazkenean emakumeei Bikuña kiroldegian.
Aplikazioaren erabilera
Emakumeok Mugimenduan aplikazioa IOS zein Android sistema operatiboetan erabili daiteke eta doakoa da. Bi helburu nagusi ditu. Batetik, Gipuzkoako emakumeei egunerokoan egiten duten jarduera fisikoa erregistratzeko aukera eskaintzen du, horren bidez, haien ohituretan eragiteko eta haiek motibatzeko. Bestetik, mugimenduarekin bat egiten duten emakumeen sarea eratu nahi du, programa horren baitan egin den ikerketaren bidez detektatutako mugak gainditzen laguntzeko: bidelagun falta, denbora falta, estereotipoak edo beldurrak.
Aplikazioak, jarduera fisikoaren erregistroa egiteko aukeraz gain, emakumezkoei eta kirolari lotuta lurraldean antolatzen diren jardueren agenda eguneratua, jarduera fisikoa egiteko gomendioak eta hainbat emakumeren istorioak ere eskaintzen ditu.
Kirol Orientabide Zerbitzua
Emakumeak Mugimenduan aplikazioaz gain, jarduera fisikoari edo kirol praktikari buruzko laguntza eta orientazioa behar duten herritarrei zuzendutako KOZ Kirol Orientabide Zerbitzuak ere badaude martxan, 33 zentro guztira Gipuzkoako 21 udalerritan. Doako zerbitzuak dira, eta Goierrin lau daude: Urretxun, Legazpin. Beasainen eta Idiazabalen, herri bakoitzeko udaletako Kirol Zerbitzuetan, hain zuzen.
M Erronka
Emakumeok Mugimenduan programaren barruan hainbat jarduera antolatu dituzte, eta horien artean M Erronka eta M Eguna nabarmendu behar dira. M Erronkaren bidez, 2022ko urtarrila eta otsaila bitartean, munduari bi itzuli egitea lortu zuten ekimenarekin bat egin zuten Gipuzkoako emakumeek, hau da, 80.000 kilometro egin zuten guztira. Iazko martxoan egin zen M Egunean, berriz, mugimendu honen inguruan sortutako M Manifestuan jasotako zortzi puntu edo arrazoiak berretsi zituzten Tabakaleran elkartutako eragileek eta emakumeek.
Azken hilabeteetan, gainera, programa hau Gipuzkoa osora zabaldu da tokian tokiko ekimenen bidez, eta udalerriek konpromisoa hartu dute emakumeen kirol jarduera erraztuko eta sustatuko duten ekintzak antolatzeko.