Abenturazko eskaladak tximino artean
Ibon Mendia eta Joseba Iztueta eskalatzaileek bi bide gogor ireki dituzte Maroko iparraldeko Rif eskualdean dagoen Talembote eskalada guneko horman, ahalik eta modurik garbienean, estilo horrek dakarren esposizioari ez ezik tximuei ere aurre eginez.
Joseba Iztueta eta Ibon Mendia, bideetako bat bukatu berritan.Joseba Iztueta «Aupa, hi, zer moduz haiz? Gabonetan baditiat 10 bat egun norabait eskalatzera joateko. Hi nola haiz?», galdetu zion batek. Eta besteak, sutarako txotxak baino suharberago, berehala arrapostu: «Zeren zain gaudek! Nora joango gaituk?». Di-da, negu honetan hegoa sartzen den moduan gertatu zuten plana Joseba Iztuetak (Gabiria, Gipuzkoa, 1991) eta Ibon Mendiak (Iruñea, 2002), beroaldian eta azkar: hegora joatea erabaki zuten, Maroko iparraldeko Rif eskualdera, Talembote ibarreko hormetara.
Lekuari buruzko erreferentzia askorik ez zuten, «Euskal Herritik, guk dakigula, ez da inor asko joan hara», eta Albert Salvado Ganxets eskalatzaile kataluniarraren blogetik jaso zituzten pindar batzuk. Eskalatzaileen gogo sukartia pizteko nahikoa.
Abdul joan zitzaien Tangerreko aireportura bila, abenduaren 21ean. Talemboteko hormen azpian dagoen herrixkako ostatuaren jabea. Bazuela mandatu bat Tangerren eta ez kezkatzeko, jasoko zituela berak. Tangerretik Tetuanera eta Tetuandik Txauen aldera hartu zuen Abdulek, eta Txauenen aurretik desbideratze bat Talemboteko ibarrerrantz. «Etxetik goizean goiz abiatu, eta bazkalordurako herrian ginen. Oso gertu geratzen zaigu Talembote. Ferryan joanez gero ere, Tangerretik pare bat ordu dira autoz», jakinarazi du Iztuetak.
Rueda Cafe, halaxe izena du Abdulen ostatuak. Huraxe da Talemboteko hormen magalean dagoen herriaren bihotza. Hainbesteraino, herriari berari ere Rueda esaten baitiote. Bitxia da: kaferik gabeko kafetegia da Rueda, baina kaferik ezean txarra ez tea, bero-beroa, bertakoek egindako harrera bezain. «Laguntzeko zeuden denak; Abdulek berak hormetako krokis pila bat erakutsi zizkigun, eta halaxe hasi ginen lekuari traza hartzen», azaldu du Iztuetak.
Jakin zuten han gehien ibili direnetako bat Jesus Ibarz eskalatzaile kataluniarra izan dela, baina hark zabaldutako bideei buruzko informazioa ez dela askorik zabaldu; ohartu ziren frantsesak, suitzarrak, belgikarrak… mugitzen hasita daudela, eta ikusi zuten Christian Ravierrek berak ere bizpahiru bide dituela han zabalduak, baina oraindik ez dela horrenbeste jende iritsi hara. Tximinoek egin zieten harrera, horren adierazle.
Erreportaje osoa Berria.eus webgunean.













