Kantari saioarekin euskaraz kantatu eta dantzatuko dute gaztetxoek
275 gaztetxok eman dute parte hartzeko izena. Asteburuan egingo dute emanaldien grabaketa. Udalak, Goierri Telebistak eta herriko ikastetxeek elkarlanean antolatu dute.

Kantari, haur eta gazteak euskaraz kantuan eta dantzan jarriko dituen ikuskizuna, Beasainera iritsi da, lehenengoz. Zortzi eta hamabi urte bitarteko 275 neska-mutikok parte hartuko dute kulturgintza eta euskalduntzea helburu dituen saio honetan. Beasaingo Udalaren, Goierri Telebistaren eta Beasaingo ikastetxeen elkarlanetik egingo da. Atzo eman zituzten xehetasun guzti-guztiak.
Gaztetxoenen artera nola iritsi erronka handia izan ohi da. Oraingo honetan baina, haien neurrira sortutako ekimena dakarte, aurrez, beste eskualde batzuetan arrakasta handia izan duena. Goierrin, Lazkaon egin zuten urtarrilean.
Kantari saioak, musika eta euskara uztartzen ditu. Ez da lehiaketa bat; ez da irabazlerik izango. Finean, gaztetxoak euskarara «modu dibertigarrian» erakartzeko modua da Leire Artola Beasaingo alkatearen hitzetan. Era berean, «gurasoak euskal kulturara ere erakartzen ditugu kate honetan».
Herriko gazteak, eurak izango dira protagonistak. Ekimenarekin bat egin dute Beasaingo lau ikastetxeek; Murumendi eskolak, Andramendi ikastolak, Alkartasuna Lizeoak eta La Salle Beasain ikastetxeak.
Emanaldiak, otsailaren 24ean, larunbata, eta otsailaren 25ean, igandea, egingo dira Usurbe Antzokian. Guztira 11 emanaldi egingo dira. Herritarrek ikus-entzule bezala aretora sartzea izango dute. Doakoak izango dira emanaldi guztiak, eta ez da ez sarrerarik ez gonbidapenik behar izango.
Goierri Telebistan ikusgai
Goierri telebistako zuzendari Jon Aldanondok adierazi bezala, «zuzenean streaming bidez ere jarraitu ahal izango dira emanaldi guztiak». Larunbatean, 15:00etatik aurrera eta igandean, 11:00etan hasita, Gitb.eus atarian. Gainera, webgunera igoko dituzte saioak eta gurasoei ere bidaliko diete saioaren lotura zuzena. Astero bi saio estreinatuko dira telebistan, astearteetan eta ostegunetan, 21:00etan, asteburuetan errepikatuko direnak.