Legazpiko elkartasuna Marokora iristear da
Aitor Jorge eta Iñigo Ruiz legazpiarrek Marokoko Pandemoniun rallya egin behar dute bigarren aldiz, Suzuki Samuray autoarekin. Rally solidarioa da, eta han banatzeko material ugariz bete dute ibilgailua.

Martxoaren 2tik 9ra bitartean Marokon egingo den Pandemonium rally solidarioan bi legazpiar izango dira aurten parte hartzen, 50 urteko Aitor Jorge Romaratezabala eta 47 urteko Iñigo Ruiz Larreina. Suzuki Samurai autoari azken ukituak eman dizkiote basamortuan egingo dituzten etapetarako, eta han banatuko duten elkartasun materialez bete dute. Datozen orduetan errepidera aterako dira, penintsula osoa zeharkatu eta Algecirasen (Espainia), Marokora joateko ferrya hartuko dute.
Legazpitik aterako diren unean bertan hasiko dute abentura. «Algeciraserainoko etapa rallyko gogorrena dela esaten dute; 15 bat ordu beharko ditugu kotxe honekin, eta bidean gaua egitekotan gara». Gero, hamar eguneko zeharkaldia egingo dute Marokon, kilometro asko basamortuan zehar, autoa gidatzeaz, gainerako partaideen lagunartekotasunaz eta, batez ere, herrialde horretako parajeez eta jendearen abegikortasunaz gozatzen.
Bigarren Pandemoniuma
Marokoko Pandemonium elkartasun rallya ezaguna da Legazpin eta Goierri osoan, aurretik joan direlako hara beste pilotu batzuk ere. Horien artean dago Dani Martin Zuautoko mekanikaria, gaur egun rallyaren antolakuntzako kide dena. Hari esker egin zuten lehen aldiz rallya Jorgek eta Ruizek. Aurtengoa bigarren rallya izango dute. Martinen laguntzarekin prestatu dute autoa, eta Urbegi iturgintzak diruz lagundu die.
Jorge eta Ruiz San Ignazio auzokoak dira, bizilagunak, kuadrillakoak, motorreroak eta kotxeen munduarekin zaletuak. «Motorrean beti elkarrekin ibili gara, zeharkaldiak egin ditugu, bidaiak ere bai… kotxeak ere asko gustatzen zaizkigu».
Hala ere, Pandemonium ez da rally batean gidatzea bakarrik, baizik eta «esperientzia handi eta ikaragarri bat: hango jendearekin egotea, hemendik eramaten diegun materiala zuzenean ematea, hango kultura ezagutzea, beste partaideekin duzun harremana…». Aurreko rallyan lagunartekotasunaren saria eman zieten, eta «egundoko ilusioa» egin zien hura irabazteak.
Elkartasun helburua
Pandemonium rallyak elkartasun helburua du, eta partaideek igarotzen dituzten herrietan banatzeko arropak, jostailuak eta eskola materiala eramateko konpromisoa dute. Suzukia toperaino bete dute bi abenturazaleek, familiakoek, lagunek eta beste legazpiar batzuek emandako materialarekin. «Han zuzenean ematen dizkiegu gauzak, eta eskola batera ere eramaten dugu material asko. Ikaragarria da ikustea nola hartzen duten guk ematen dieguna, nola eskertzen duten». Itzuleran gauza asko kontatzeko izango dituzte, ziur.