Bidegorriko lanak amaituta
Errepideko seinaleztapen bertikalak aldatzea izan dira azkeneko lanak. Ezkio eta Zumarraga arteko zatia egitea falta da bidegorri sarea guztiz osatzeko.
Araneko bidegurutzean jarritako semaforoak martxan daude dagoeneko.Ezkioko Udala Amaitu dituzte jada, Ezkioko bidegorriaren bigarren faseko lanak. Azpiegitura lanak orain hilabete batzuk amaitu bazituzten ere, errepideko seinaleztapen bertikalak aldatzea falta zen. Behin seinaleak aldatuta Araneko biribilgunean jarritako semaforoak ere martxan daude, dagoeneko. Lan hauek Paskin Seinalizazioak enpresak egin ditu.
Ezkioko biribilgunetik Araneko biribilgunera arteko eremuan berritu dute bidegorri sarea bigarren fase honetan. Lehendabiziko zatian bezala, bidegorria errepidearen kontra doa. Egin beharreko azpiegitura lanak aprobetxatuz, zebrabide bat jarri dute Araneko bidegurutzean, baserri bide bat gurutzatzeko, baita semaforoak ere, abisura murritzeko helburuarekin.
Legegintzaldiko helburua
Azken asteetan eman dizkiote azken ukituak obrari, batez ere, «abiadura muga adierazten duten seinaleak dira aldatu behar izan direnak», azaldu du Joseba Telleria Ezkio-Itsasoko alkateak. Lanen eraginez, bidegorriaren trazatua ere aldatu egin da eta hortik egoera berrira egokitutako seinaleak jartzeko derrigortasuna.
Hala, Ezkioko barrutia zeharkatuz Araneko bidegurutzeraino errealitatea da dagoeneko bidegorria, baina «Ezkio eta Zumarraga lotzen dituen tartea faltako litzateke bidegorri sarea guztiz amaitzeko», esan du Telleriak. Aitortu du, dena den, zatirik «konplikatuena» dela hirugarren hau. Eremu horretan dago, hain zuzen, Anduagako industriagunea, bere berezitasunekin. Araneko bidegurutzetik hasi eta Zumarragako mugaraino, —Aima enpresara arte—, «enpresa asko dago eta sarrera-irteerek bidegorriaren trazatua mugatuko dute».
Zailtasunak zailtasun, udalean urbanizazio proiektua lantzen ari direla aurreratu du alkateak, «guretzat ezinbestekoa da zati hori egitea. Legegintzaldi honetako helburuetako bat da hau eginda uztea, bide zati hori ordenatu eta segurtasuna bermatzeko», amaitu du.














