CAFek seinaleztapen negozioa indartu du Espainian eta Erresuma Batuan
ADIFekin 150 milio eurotik gorako kontratua sinatu du, eta lehen aldiz lortu du halako bat Erresuma Batuan.
CAFeko seinaleztapen-negozioak modu aktiboan hartuko du parte Tren Azpiegituren Administratzailearen (ADIF) sare konbentzionaleko, zabalera metrikoko eta abiadura handiko trafikoa eta seinaleztapena kontrolatzeko sistemak berritzen.
Alde batetik, sare konbentzionalean eta zabalera metrikokoan, honako lanak egingo ditu: Ourenseko Trafikoaren Kontrol Zentroa modernizatu; Asturiaseko Trubia eta Collanzo arteko tarteko (ADIF RAMeko 764 linea) telekomunikazio finkoak eta seinaleztapen-sistemak berritu; Los Cotos eta Cercedilla (Madrilgo aldirietako C9 linea) arteko blokeo telefonikoa kendu; eta, amaitzeko, Asturiasen, Trubia eta San Esteban de Pravia arteko tarteko, eta Pravia eta Cudillero arteko tarteko (ADIF RAMeko 762 eta 740 lineak) telekomunikazio finkoak eta seinaleztapen-sistemak berritzeko proiektuaz arduratu.
Horrez gain, ADIF Abiadura Handiak CAF aukeratu du (oraingoan, FCC Industrialekin eta Revenga Smart Solutions-ekin batera) Mediterraneoko Korridorea indartzeko honako lan hauek biltzen dituen proiektuaren bidez: oinarrizko eta eraikuntzako proiektuak idaztea, obrak gauzatzea, katigamenduen instalazioak gordetzea eta mantentzea, trena babesteko sistema, TKN, Detekzioko Sistema Osagarriak, Telekomunikazio Finkoak eta energia hornitzeko sistema Murtzia-Almeria eta Ramal Pulpí-Aguilas arteko abiadura handiko linean.
Lehen seinaleztapen kontratua Erresuma Batuan
Bestalde, CAFek seinaleztapen-negozioan “beste mugarri” garrantzitsu bat lortu duela Erresuma Batuan lehen kontratua sinatuta. Izan ere, 2. mailako ERTMS seinaleztapen digitaleko esparru-kontratuan (2. lotea) hirugarren postuan kokatzea lortu du. Akordio hori Erresuma Batuko seinaleztapeneko tren-sistemak modernizatzeko planean sartuta dago. Ingalaterra, Eskozia eta Galesko trenbide-sareko zati handieneko azpiegituren jabe eta kudeatzailea den Network Rail enpresak garatuko du plan hori.
Planaren iraupena hamar urtekoa izango da, eta horretarako 4.600 milioi euro baino gehiago bideratuko dira bi lotetan banatuta. Alde batetik, seinaleztapen konbentzionala egingo dute eta horretarako bideratutako aurrekontua 1.170 milioi eurokoa izango da (1. lotea); bestetik, aldiz, seinaleztapen digitalaz arduratuko dira eta horren aurrekontua 3.500 milioi eurokoa izango da (2. lotea) eta hor hartuko du parte CAFek. “Horren helburu nagusia izango da Britainia Handiko trenbide-azpiegitura modernizatzea, teknologiarik berritzaileenarekin hornituz. Horrek sarearen ahalmena handituko du eta, aldi berean, fidagarritasun eta segurtasun handiagoa emango dio operazioan zehar”, nabarmendu du CAFek ohar bidez.
Britainia Handiko AtkinsReális enpresarekin elkarlanean, CAFek 2. mailako bere ERTMS teknologia aurreratua eta Quasar katigamendu elektronikoak instalatuko ditu ERTMSko soluzio osoen, eskalagarrien eta elkarreragingarrien bidez. “Hala, segurtasun kritikoko lanetan erabilgarritasun maila handia lortuko da eta horrek erantzuna emango die Network Railen behar operatiboei”.
Akordio hori hurrengo hamarkadan gauzatuko da. Horren arabera, hautatutako kontsortzioek hainbat kontratu sinatuko dituzte Trenak Kontrolatzeko Sistemak berritzeko seinaleztapen digitaleko zerbitzuak emateko. “Horrek esan nahi du CAFek negozio-bolumen handia eta jarraitua izango duela datozen urteetan herrialde hartan eta, gainera, CAF Britainia Handiko merkatuan horrelako zerbitzuak eskaintzen dituen etorkizuneko hornitzaileetako bat izango dela”.
Espainian eta Erresuma Batuan sinatu berri dituen kontratu horiek “CAFek nazioarteko trenbide arloko seinaleztapenaren segmentuan duen posizionamendua sendotu” dutela adierazi du Beasaingo multinazionalak. Aldi berean, gainera, negozio horretan “hazten jarraitzearen alde egindako apustua” baieztatu dute.













