Elkartasunezko Azatxo saskibaloi topaketa egingo dute Ordizian
Infantil mailako ia 600 jokalarik hartuko dute parte. Igandean 09:00etatik 19:00etara ia etenik gabe jokatuko dute. Bihotzez Gobernuz Kanpoko Erakundeari emango diote lortutako dirua.
Barrenan egin zuten joan den astean V. Azatxo saskibaloi topaketaren aurkezpena.Loinaz Agirre V. Azatxo topaketan elkartuko dira igandean, egun osoan Ordizian, infantil mailako hamar taldetako ia 600 jokalari eta 90 entrenatzaile. Ordizia, Beasain eta Legazpiko taldeez gain, Donostiako Antigua-Luberri, Askatuak eta Easo basket, Zarauzko Zast (Gipuzkoa) , Azpeitiko Iraurgi (Gipuzkoa), Arrasateko Ointxe (Gipuzkoa) eta Gasteizko San Prudentzio taldeak izango dira partaide. Joseba Caballero Ordiziako saskibaloi taldeko kidearen esanetan, aurten lehenengo aldiz, Gipuzkoatik kanpoko talde batek parte hartuko du topaketan. «Antolaketa gero eta zailagoa da, gero eta talde gehiagok etorri nahi duelako Azatxora».
Talde bakoitzak hiruna partida jokatzea jarri dute erronka, eta lortu dute erronka betetzea. 92 partida jokatuko dituzte 09:00etan hasita, ia etenik gabe, 19:00ak aldera arte. Hiru gunetan jokatuko dituzte partidak: Urdanetan (gimnasioan eta kanpoko pilotalekuan), Jakintzan (patioko bi kantxetan), eta Majori kiroldegian (kantxa handian hiru eta behean bi). Jokalarientzako bazkaria Plaza Nagusian prestatuko dute. «Beste urteetan klub eta partida gutxiago izan direnez, denek elkarrekin bazkaldu ahal izan dute, egituratuago egon dira ordutegiak. Aurten ez da posible izango, egun batean 92 partida jokatu nahi baditugu. Beraz, txandaka joango dira jokalariak bazkaltzera».
«Antolaketa gero eta zailagoa da, gero eta talde gehiagok etorri nahi duelako»
Joseba Caballero. Ordizia Saskibaloia klubeko kidea
Majorin amaituko dute eguna. «Jokalari bakoitzak eramango du Azatxoko oroigarria etxera. Familia argazkia ere aterako dugu. Ea 20:00ak baino lehen bukatzen dugun». Urtero bezala, emaitzarik ez da egongo. «Ez da garailerik eta galtzailerik izango. Garaile bakarra Bihotzez elkartea izatea nahi dugu. Lortutako diru guztia Bihotzez GKErentzat izango da».
Bihotzez GKErentzat
Topaketan parte hartzeagatik klubek ordaintzen duten diru guztia Bihotzez gobernuz kanpoko erakundera bideratuko dute. Bihotzezeko Jon Irastorzak eskerrak eman dizkie antolatzaileei, «horrelako ekintza bat antolatzeagatik eta diru ekarpena Bihotzez elkarteari ematea erabakitzeagatik». Sortzetiko kardiopatia duten haurren elkartea da Bihotzez. «Gaur egun 139 familiak osatzen dugu, gehienak gipuzkoarrak». Diru ekarpena egin nahi dutenentzat kontu korronte zenbakia jarri dute, Caja Rural banketxean.













