Gipuzkoako 8. Orientazio Liga jokatuko da igandean, Otsaurten
Otsaurteko atseden-lekua.Hitza Gipuzkoako 8. Orientazio Ligaren laugarren proba jokatuko dute igandean Otsaurteko ingurunean, Gipuzkoako eta Arabako Partzuergoen barrutian. Orientazio kirola kokagune geografiko batetik beste batera ahalik eta azkarren iristea bilatzen duen kirolari esaten zaio. Aurrez zehaztutako bidea osatzeko mapa bat eta iparrorratza izango dute lagungarri parte hartzaileek.
Igandean, 9:00etan izango da harrera Otsaurteko bentako aparkalekuan eta ordu erdi beranduago hasiko dira irteerak. Antolatzaileek adierazi dutenez, irteerak bi minutuero emango dira. Open laranja eta gorriko parte hartzaileentzako 12:00etan izango da irteteko azken ordua eta open horikoentzako 12:30ean. Helmuga ere Otsaurteko aparkalekuan kokatuko dute eta 14:00etan itxiko da.
Ingurunea errespetatzea
Otsaurteko aparkalekua erraz beteko dela aurreikusi dute antolatzaileek, horregatik, kotxea partekatzea eskatu dute. Autokarabanek Beundeko aparkalekuan utzi beharko dute ibilgailua aurreko egunean. Gainera, txakurrarekin parte hartuko dutenei, uneoro lotuta eraman beharko dutela adierazi dute, bai irteera gunean, baita lasterketan zehar eta helmugaratzean ere.
Amaitzeko, Aizkorri-Aratz parke naturaleko eremua izanik, ingurunea errespetatzea lehentasunetako bat dela gogorarazi dute.













