Mariasun Landa omenduko dute Goierriko irakurle taldeek larunbatean
Gabirian ospatuko dute eskualdeko seigarren topaketa. Landaren ‘Krokodiloa ohe azpian’ eleberria landuko dute elkarrekin. Zortzi herritako 50 bat irakurle elkartuko dira, arratsaldean, herriko plazan.

Goierriko irakurle taldeek elkarren arteko aurtengo topaketa larunbat honetan egingo dute, ekainaren 8an, Gabirian. 2017an hasi ziren, eta pandemiagatik bi urtean elkartu ez zirenez, seigarren aldia dute. Txandan-txandan, antolaketa eskualdeko literaturazaleen eta irakurleen taldeei egokitzen zaienez, aurtengoa Irakurle Txoko gabiriarrak prestatu du, iaz Itsasoko taldeak lekukoa emanda. 17:00etatik 19:00etara, herriko plazan da topaketa. Mariasun Landa idazlea izendatu zuten, iazko irailean, irakurgairako eta omenaldirako subjektutzat. «Egundoko ilusioa» egin zion idazle errenteriarrari; geroztik, hainbat sari eta aitortza jaso ditu, Emakunderen Berdintasunaren Aldeko Saria, edota BBK Gutun Zuria Saria. Lehenagotik ere ez ditu gutxi.
Goierriko topaketarako Landaren Krokodiloa ohe azpian eleberria irakurrita joango dira partaideak. Idazleak berak proposatu zien antolatzaileei. Haur eta gazte literaturako gisa sailkatuta dago, baina gazte eta helduei zuzendua da. 2002an argitaratua lehen aldiz, hurrengo urtean Espainiako Literatura Saria irabazi zuen.
Zortzi herritatik
Goierriko zortzi herritako irakurle taldeak bilduko dira Gabiriako topaketan: Zumarraga, Ormaiztegi, Itsaso, Segura, Idiazabal, Ordizia, Ataun eta Gabiria. Guztira, 52 irakurle espero dituzte, maila pertsonalean joan daitezkeen gehiagorekin batera.
Plazan 17:00etan harrera egingo diete gabiriarrek. Bertakoak makilariak direnez, Makil-dantza dantzatuko diete Goruntzeko dantzariek, eta koplatan errepasatuko dituzte bertsolariek Landaren liburuak. Jarraian, multzo txikitan bereizita, Krokodiloa ohe azpian eleberria landuko dute irakurleek, euren artean. Landaren hitzaldiak eta solasaldiak jarriko dio azken puntua literatura arloari.
Omenaldiaren tartea etorriko da, azkenik. Euskal literaturan eta letretan egindako lana aitortuko diote Mariasun Landari, egunaren oroigarri bat oparituta. Topaketako partaide guztiek jasoko dute detailetxo bana. 2025eko topaketa antolatzeko ardura beste herri bati eskualdatuko diote gabiriarrek; dagoeneko izendatuta eta jakinarazita daukate, baina etzi egingo dute publiko. Mokadu bat janez borobilduko dute juntadizoa.