Idoloen arteko lehia, Alustizan
Aizkorri Segura futbol taldeko eta Realeko beteranoek partida jokatuko dute etzi Alustiza zelaian. Klubeko lehendakari ohiei omenaldia egiteko baliatuko dute aukera.
1974ko ekainean, haurren mailan Espainiako txapelketan 4. egin zuteneko irudia.Aizkorri Segura futbol taldea Ikusmin handia sortu du Aizkorri Segura futbol taldearen eta Realeko jokalari beteranoen artean larunbatean jokatuko den partidak. Ez soilik Reala bezalako talde bat Seguran ikusi ahal izateko berezitasunagatik, baita garai bateko idoloak —kanpokoak zein etxekoak— berriz zelaian ikusi ahal izateko aukerak eraginda ere. Segurako Alustiza futbol zelaian jokatuko da partida, etzi, 11:30ean, baina aurretik eta gero ere egongo da non gozatua.
Segura Futbol Taldea 60ko hamarkadaren azkenean sortu zen Seguran, eta Aizkorri bi hamarkada beranduago, Zegaman. «Zegaman zelairik ez zuten eta Seguran jokatzen hasi ziren», argitu du Iker Lizardi Aizkorri Segura futbol taldeko kideak. Historikoki bi klub izan dira baina «hurrengo ikasturtetik aurrera bakarra izatera pasatuko gara», argitu du Lizardik.
Bere xumean, Segura futbol taldeak eman dizkie hainbat poz Aizkorpeko zaletuei. 1974ko ekainaren 13an, esaterako, —orain 50 urte hain zuzen— Espainiako Kopan laugarren egin zuen Segurako taldeak haurren mailan. 1990eko hamarkada ere gogoratzeko modukoa izan da klubaren historian, «95ean preferenteen mailara igotzea lortu zuten eta 99an ohorezko mailara».
«Realak urtero egiten du Gipuzkoako beteranoen aurkako partidaren bat, eta aurten Seguran egokitu da»
«Azpimarratzekoa da azken urteetan nesken parte hartzean nabaritu dugun gorakada»
Iker Lizardi. Aizkorri-Segura futbol klubeko kidea
Gaur egun, 320 bat jokalarik osatzen dute futbol taldearen familia handia. Datorren ikasturtean gehiago izango dira, 350 bat da aurreikuspena. Kluba hazten ari da eta «azpimarratzekoa» da, batez ere, azken urteetan nesken parte hartzean nabaritu duten gorakada. Kopuruan ez ezik, egituran ere aldaketak izango dira datorren denboraldian. Orain arte, Aizkorri izenaren pean jokatu dute futbol eskolatik hasi eta federatutako kadeteen mailara arteko taldeek; eta Segura izenarekin goiko mailetan dabiltzanek: «gazteak eta preferente mailakoak». Datorren denboralditik aurrera Aizkorri Segura Futbol taldea izango dira guztiak.

Segura futbol taldea 1969an, sortu zen urte berean.Aizkorri Segura futbol taldea
Denboraldiko emaitzak
Gizonezkoen talde nagusiak hamargarren bukatu du bere multzoan, 34 punturekin, hamasei taldeko ligan. Bederatzi garaipen lortu dituzte sasoi guztian; nesken taldea igoera fasera sailkatu zen denboraldiaren lehen erdian egindako lanari esker. Ez dute ohorezko lurralde mailara igotzea lortu, baina azken unera arte eutsi zieten aukerei. Ohorezko jubenilek denboraldi zaila izan dute eta ez dituzte nahi zituzten emaitzak lortu, baina lehen urteko jubenilek igoera fasea jokatu dute.
«Jendetza» espero dute
Larunbateko partidari dagokionean, Realeko beteranoen taldeak urtero egiten du Gipuzkoako talde beteranoen arteko partida bat, eta aurten Seguran egokitu da. 10:30etik aurrera, futbol 8ko zelaian Realaren puzgarriak jarriko dituzte, haurren gozagarri. 11:15ean ohorezko sakearen ekitaldia egingo dute. «Taldean ardura postuak izan dituzten horiei omenaldia egiteko baliatuko dugu une hori», azaldu du Lizardik.
Joxe Gereñu, Ramon Gerriko, Angel Gomez, Juan Antonio Agirre, Jose Mari Izagirre eta Roman Leoz lehendakari ohiak eta Jose Mari Gereñu zena —lehendakari izan ez bazen ere, klubaren alde lan eskerga egindakoa— izango dira omenduak. Futbolean ere aritzen diren Azpilla dantza taldeko kideek agurra egingo dute, Zegamako txistulariek lagunduta, eta Iker Zubeldia Zegamako alkateak bertsoak eskainiko dizkie omenduei. Partidaren ondoren, luntxa eskainiko da. Eguraldiaren arabera bertan edo eskolako aterpean izango da.
Segurak jokalarien izenik eman ez duen arren, Realak Gorka Brit, Mixel Loinaz edo Xanti Bakeroren parte hartzea baieztatu du, besteen artean.












