LED argiteriaren aldeko apustuan jarraitzen du Beasaingo Udalak
Nafarroako Etorbidea kalearen amaieratik kiroldegira arteko kale argiteria aldatu dute, 245 argi-unitate berri jarriz.
Aurrezpen energetikoa, ekonomikoa eta jasangarritasunaren aldeko helburuarekin, kale argiterian aldaketak burutu ditu Beasaingo Udalak egunotan. LED argiteria ipintzen ari dira Nafarroa Etorbide amaiera eta kiroldegiaren arteko eremuan. Orotara eremu honetan aldatuko diren unitateak 245 izango dira.
Udalaren kalkuluen arabera, aipatutako eremuan aldaketa egin aurreko kontsumoa «130.410 kW urteko da eta ondoren 50.060 kW urteko izango da». Aurrezpen energetikoa, beraz, «80.350 Kw urteko, izango da, hau da, %61ekoa». Kopuru horiek dirutan itzulita, «aurrezpen ekonomikoa 18.400 eurokoa izango da urteko».
Lan hauen aurrekontua 126.495,54 euro (BEZ barne) izan da eta udalak iragarri duenez, inbertsio horren amortizazioa «zazpi urtekoa» izango da. Loyola Norte SL ari da lanak egiten.
Jasangarritasunaren alde
Beasaingo Udalak adierazi du LED sistema ezartzearen arrazoi nagusia «energia-kontsumoa murriztea» dela, «LED argiak ohiko iturri tradizionalek baino askoz gutxiago kontsumitzen baitute, hortaz, karbono isuriak murrizten dira».
Abantaila gehiago ere nabarmendu dituzte. Argiztapen mota honek «bizitza luzeagoa du, gutxiago ordezkatu behar dira eta horrek hondakin gutxiago sortzea suposatzen du, ingurumenari inpaktu txikiagoa sortuz». Gainera, «toxiko gutxiago dituzte eta birziklagarriak dira».













