Hegialden, jai asteburua
Bihar arratsaldean hasiko dira festak, eta igandeko su artifizialak itzaltzean amaituko dira. Auzoko eta herri osoko kirolariak eta musikariak izango dira gonbidatuen artean.
Aurreko asteburuan rock musikarekin eta bi kirol ekitaldiekin motorrak berotu ondoren, dena prest dago Hegialde Potxola-n bihar arratsaldean hasi eta igande gauera arte jaiak ospatzeko. Eskuko egitaraua banatuta dago San Joan, Urtatza, Laubide eta Ariztiaundiko etxeetan, eta auzo guneari sarrera ematen dion biribilgunean datozen orduetan jarriko dute ohiko ongi-etorri pankarta.
Aurtengo jaiei hasiera emango dien suziria 19:00etan jaurtiko dute, Goiherri jatetxearen paretik, eta hortik aurrera, parrandak ez du atsedenik izango igande gauean azken su artifizialak isildu arte. Hiru egun dira, eta ekitaldiz bete-beteak datoz.
Herritarrak protagonistak
Ekitaldietan, aurten ere herriko artisten eta kirolarien aldeko apustua egin dute Hegialden. Hala, Xabi Zurutuza moto pilotua, Markel Vesga xake jokalaria eta Maldan Behera Inertzia taldeko kideak daude auzokoen gonbidatuen artean, baita DJ Woolen izenaren atzean ezkutatzen den Andoni Romero ere. Trapalata txaranga, Alaitasuna errondaila, herriko buruhandiak eta Sorgintxulo ere izango dira festetan, kanpotik iritsitako beste gonbidatu askoren artean.
Hegialdeko festetako egitaraua
Ekainak 7, ostirala
- 19:00. Txupinazoa Goiherri parean
- 19:00. Legazpiko buruhandiak
- 19:00. Moto 3ko Xabi Zurutuza
- 19:45. Trapalata txarangaren kalejira, Hegialdeko traje tipikoaz jantzitako auzotarrekin
- 22:00. Kuadrillen herri afaria kalean, jatekoa norberak eramanda
- 00:00. Musika emanaldiak: La Mala Pekora eta DJ Woolen
Ekainak 8, larunbata
- 10:00. Xake txapelketa Markel Vesgarekin
- 11:00. Puzgarriak
- 12:30. Alaitasuna errondaila
- 14:30. Herri bazkaria, jatekoa norberak eramanda
- 16:30. Lekin pailazoaren emanaldia
- 18:30. Huescako Santa Cecilia Folklorika elkartearen dantzaldia, Korosti dantza taldeak gonbidatuta
- 20:00-21:30 eta 00:00. Jamaika Show orkestra
Ekainak 9, igandea
- 10:30. Arku-tiroa
- 12:00. Jolasak Sorgintxulo aisialdi taldearekin
- 16:00. Sputnik goitibeherak, Goiherritik
- 18:00. Herri kirolak: aizkolariak, altuerako egur mozketa eta motozerra
- 20:00. Chunchin lbañez y Los Charros mariatxia
- 22:30. Su artifizialak













