Goierritar olinpiko guztiek lehian jarraitzen dute
Parisko Olinpiar Jokoak hasi zirenetik astebetera, Irene Paredes, Elene Lete eta Beñat Turrientes futboleko final-laurdenetara sailkatuta daude. Imanol Gartziandiak multzoen faseko bi partida dauzka oraindik. Alex Aranburuk bihar jokatuko du errepideko txirrindulari proba, 11:00etan hasita.
Alex Aranburu, atzo, Bilboko aurkezpenean. // Argazkia: Movistar Team Parisko Olinpiar Jokoak erdibidera iristear direnean, bertan lehiatzen ari diren bost goierritarrak bizi-bizirik daude oraindik. Taldekako kiroletan, multzoen fasea gainditu eta final-laurdenetara sailkatuta daude futbolariak: Beñat Turrientes beasaindarra mutiletan, eta Irene Paredes legazpiarra eta Elene Lete zumarragarra nesketan. Imanol Gartziandia eskubaloilariak ligaxkako bi partida ditu oraindik jokatzeko, eskubaloian sei taldeko multzoak baitaude.
Hain justu, Gartziandia urretxuarrak gaur 19:00etan jokatuko du. Alemania eta Espainia ariko dira eskubaloian aurrez aurre, A multzoko 4. jardunaldian. Multzokako azken partida igandean (abuztuak 4) 21:00etan izango du, Kroaziaren aurka. Orain artekoetan, behetik gorako maila-hobekuntza ari da izaten Gartziandia. Esloveniaren aurkakoan hasierako zazpikoan atera zen, baina golik ez zuen sartu eskuin lateralak (Espainiak 25 eta 22 irabazi zuen). Suediaren aurkakoan, 20 bat minutuz aritu zen kantxan, eta gol bat, Jokoetako lehenbizikoa, lortu zuen (29-26 irabazi zuen Suediak). Azkenik, asteazkenean jokatutako Espainia 37-Japonia 32 izan du orain arteko erakustaldi onena. 3 gol sartuta, Kauldi Odriozolarekin batera (6 gol), erasoko erreferentzietako bat izan zen Gartziandia.
Futbolean, lanak eginda dituzte Irene Paredesek eta Elene Letek. Asteazkenean jokatu zuten multzokako hirugarren eta azken neurketa. Lehen bi norgehiagokak irabazita (Japoniaren aurka 2-1 eta Nigeriaren aurka 1-0), Espainiak ordurako poltsikoratuta zeukan final-laurdenetarako txartela. Jokoan ezer ez zela, Ibai Gomez hautatzaileak atsedena eman zion Paredesi asteazkenean. Aurreko bi partidak oso-osorik jokatua zen legazpiar zentrala. Elene Letek ez du oraindik debuta egin Jokoetan, eta zaila edukiko du; hirugarren atezaina da, eta asteazkenean bigarrenari eman zion aukera entrenatzaileak.
Final-laurdenetako kanporaketa bihar, larunbata, 17:00etan jokatuko dute Paredesek eta Letek, Kolonbiaren aurka.
Mutilen futbolean ere, Beñat Turrientes final-laurdenetan izango da. Gutxitik askora dator beasaindarra. Multzokako lehen neurketan hondarreko 4 minutu besterik ez zituen jokatu (Uzbekistanek 1, Espainiak 2). Hilaren 27an, 13 minutu ibili zen zelaian (Dominikar Errepublikak 1, Espainiak 3). Azkenik, astearteko hirugarren neurketan titular atera zen, eta 63 minutu jokatu zuen.
Turrientesek, final-laurdenetako partida gaur 17:00etan dauka, Japonia-Espainia.
Alex Aranburu, bihar goizean errepidera
Lehian sartzen azken goierritarra Alex Aranburu ezkiotar txirrindularia izango da. Errepideko txirrindu proban lehiatuko da, bihar larunbata. 11:00etan hasiko da lasterketa, Parisko Trocadero plazan hasi eta buka. Ohituta ez dauden moduko karrera izango da: 90 ziklistak soilik parte hartuko dute, 55 talde olinpikoetakoak. Taldeak ere murritzak dira, lau txirrindularikoak gehienez. Lasterketaren kontrola asko eragotz lezake, dema maila eta indar indibidualetara lerratuta. Aranburu Espainiarekin ariko da, Oier Lazkano gasteiztarrarekin eta Juan Ayusorekin batera.
Parisko leku ospetsuenetatik pasatu, eta Sena Garaia departamentuan barrena osatuko dute ibilbidearen handiena. Aldapa motz ugari igo eta jaitsi beharko dituzte. Luzean 273 kilometroko eta desnibel metatuz 2.800 metroko proba izango da. Azkeneko 18 kilometroak Parisko hiri barruan osatuko dituzte, eta Montmartreko muinoko malda izango dute han gogortasuna.













