Igartzako industria eta emakumeen langintzak bisita gidatuetan ezagutu ahalko dira, abuztuan
Ostiralero azalpenak emango dituzte Igartza monumentu multzoan, bisitarientzat. Gaur, 'Industriaren hastapenak Igartzan' gaia landuko dute. Hurrengoan, 'Emakumeen presentzia Igatzan'.
Igartzako errota eta jauregia. // Argazkia: Arkaitz Apalategi Igartzako jauregian baliabide turistikoak eta bisita gidatuak eskaintzen ari dira, uda honetan. Uztailaren 17tik irailaren 8ra arte, bisita gidatuak egin daitezke Monumentu Multzoa ezagutzeko, 11:30ean, 13:00etan, 16:30ean eta 18:00etan.
Igartzako Monumentu Multzoa osatzen duten eraikinak bisitatzeaz gain, eraikina eta bertako, garai bateko, jarduera interpretatzen dute: ondare gisa duten balioa azpimarratu, euren arteko loturak erakutsi, zein pertsonaia historiko duen atzean azaldu… Modu horretan, bisitariak Erdi Arotik gaur egunerainoko bidaia egin dezake eta monumentuen balio historikoaz ohartarazten da.
Bisitaren iraupena ordu eta erdikoa da. Erreserba egitea ez da beharrezkoa, soilik taldeen kasuan (10 pertsonatik gora). Talo tailerrak erreserbatzeko aukera ere badago.
Bisita gidatu tematikoak
Ikustaldi orokorraz gain, ostiralero bi gai txandatuz bisita gidatu bereziak eskaintzen ere ari dira. Erreserbatu egin behar dira horiek. Ostiralero 18:00etan hasiko dira. Gaur, adibidez, Industriaren hastapenak Igartzan gaiaren inguruan landuko dute erakustaldia. Hurrengoan, Emakumeen presentzia Igartzan gaia jorratuko dute.
Abuztuko bisita berezien egutegia:
• Abuztuak 2. Industriaren hastapenak Igartzan
• Abuztuak 9. Emakumeen presentzia Igartzan
• Abuztuak 16. Bisita gidatu mitologikoa
• Abuztuak 23. Industriaren hastapenak Igartzan
• Abuztuak 30. Emakumeen presentzia Igartzan
• Irailak 6. Bisita gidatu mitologikoa













