Berrenoako galtzada, harriz harri azalera
Ataun eta Urdiain lotzen zituen Erdi Aroko bide zaharraren 53 metro garbitu, berreskuratu eta azaleratu ditu gazte talde batek, hamabost eguneko auzolandegian. Galtzada nola eraiki zuten ikusi ahal izan dute, komunikazio-bide horrek zeukan garrantziaren adierazle.
Galtzadaren 53 metro luze berreskuratu eta azaleratu dituzte, bi asteko lanarekin.Aimar Maiz Hamabost egunean 19 gaztek eta arkeologo zuzendari batek egindako lanari esker, Berrenoako galtzada nolakoa zen argiago jakin daiteke. Ataunen, Atxurrenea baserriko zubitik aurrerago, bi astean aritu dira lanean. Aldapa hasten den lekuan, 53 metro luzeko galtzada-zatia harriz harri garbitu eta berreskuratu dute. Uztailaren 29an hasi ziren, eta bihar dute azkeneko lan-eguna. Bien bitartean, San Gregorioko Elkargunean, mediku-kontsultaren gaineko udal lokalean hartu dute ostatu.
Eusko Jaurlaritzaren auzolandegien programan parte hartu dute. Hego Euskal Herriko eta Espainiako toki askotatik etorritako 19 gazte, lau begirale eta Erik Arevalo Muñoz arkeologoa jardun dira. EHUren Letren Fakultatean sortutako Barandiaran Katedraren bidez –Joxean Mujika arkeologo beasaindarrak zuzendua– sartu dute egitasmoa Auzolandegien eskaintzan, Ataungo Udalak Berrenoako galtzadarekin zeukan interesarekin lotuta.
18-20 urte bitartekoak dira gehienak, 24koren bat ere bai tartean. Denak ikasleak dira, baina kurioski, ez dago Arkeologiako edo Historiako bat ere taldean. “Gazteen udaleku aukera bat da auzolandegia, adinez nagusientzat, boluntario lana eginez esperientzia bat bizitzeko. Goizetan lan egin dute, arratsaldeak libre izan dituzte, eta asteburuan Bilbon izan ziren, eta larunbatean Donostiara joango dira”, azaldu du Erik Arevalo arkeologo buruak. “Jendea ezagutu nahi dute, ondo pasa, boluntariotza lan bat egin nahi dute”.
Galtzada oso zaharra da Berrenoakoa. Gipuzkoa eta Nafarroako Sakana lotzeko bideetako bat zen. Nafar aldean berreskuratu dute dagoeneko zati bat, eta Ataungo zatian ere berreskuratzen “pixkanaka hasi” nahi izan dute. Bidea Ataundik zetorren, erreka bazterretik. Atxurrenetik aurrerago, bidea duela urte batzuk berritu zuten; “Bi kata egin ditugu hor, ikusteko azpian galtzada kontserbatzen den edo ez. Oso desegina dago”.
Handik aurreraxeago, maldan gora hasten den lekuan, lortu dute bide zaharraren eraikuntza aurkitzea. Udalak desbrozatu zuen lehenik, erabat itxita eta landaredia artean ezkutatuta baitzegoen. “Ez zen ezer ikusten, xenda estu bat besterik ez zegoen, eta harri batzuk bakarrik ageri ziren lurrean”. Mendi aldera, arroka-ama landuta eta kenduta dauka, eta beste aldean harri potorrekin eustorma eraikita. Goraxeago, basoa ateratzeko lanetan 2022an hondatu zen luzapena, makina astunen eta kamioien pisuagatik. “Zati bat kontserbatu da, 53 metro luzekoa, behean lanak egindako eremutik basoa atera zuten pareraino arte”.
Hiru metro eta erdiko bidea
Goialdetik hasi ziren lurra kentzen eta harriak bistarazten. “Mendi aldeko harkaitzeko pareta garbitzen hasi ginen, eta bidearen beste alderaino zabaltzen, eta uste baino hobeto ikusten da”, dio Arevalok. Galtzadak hiru metro edo hiru metro eta erdiko zabalera dauka. Gurdiekin ibiltzeko prestatuta zegoen, ez zen mandabide arrunta. Bide inportantea zen”.
Zein garaitakoa den galdetuta, oraindik ez dute erabat zehaztu. Atzo lanen lekura bisita egin zuen Gipuzkoako Foru Aldundiko arkeologo-teknikari Mertxe Urteaga lazkaotarrak eta Joxean Mujikak. “Urteagak asko daki gai hauetaz, eta berak komentatzen zuen ziurrenik Erromatar garaian hemen egongo zela bide bat edo galtzada bat. Noski, hau ez da garai hartako obra. Erdi Arokoa izango da, ziurrenik XV.-XVI.mendeetakoa”. Dokumentuetan jasota dauden azken konponketak XVIII. mendean eginak izan zirela azaltzen da. Geroztik, historiaren ahanzturan geratu zen; “Inguruko baserritarrek erabiliko zuten, animaliekin eta. Komentatu digute 1970eko hamarkadara arte jendea ibiltzen zela hemen abereekin”. Baina komunikazio sare nagusiko funtziorako, erdi abandonatuta geratu zen.
Atxurreneko zubitik gora, mendian zuzen altuera irabazten du galtzadak. Lizarrusti gainera ailegatzen da. “Lizarrustiko errepidearen eskuinaldera, Nafarroarantz goazela, igo eta Berrenoako galtzada dago. Handik, Nafarroara jaisten da edo Lizarrusti mendi gain hori zeharkatu. Honen helburua Nafarroara salgaiak eramatea eta handik ekartzea zen”, argitu du Ataungo Udaleko zinegotzi Pili Imazek. Urdiaingo igerileku ingururaino doa Sakanako adarra.

Auzolandegiko gazteak, gaur goizean, Ataungo Berrenoako galtzadan lanean.Aimar Maiz
Harkaitza janda alde batetik ateratako harri piezekin eta blokeekin osatu zuten galtzada-zorua. Errekarri borobilagoak ere badaude zoladuran. Hareharria da. Azpian, berriz, zimentazioa material xeheagoz eta lur zapalduarekin egina du. Zuloen betegarri, gaineko lauza zabalak galdu diren zenbait gunetan, harritxo-masaz beteta aurkitu dituzte. Behealdeko ertzean, berriz, harri handien ilara. Gaur, azken garbiketa lanak egin ondoren, fotogrametria bidez erregistratuko dute garbitutako galtzada guztia, digitalki aztertu ahal izateko.
Gorago, beste lau kata arkeologiko egin dituzte, bidearen aldenik alde. Harri batzuk aurkitu dituzte, baina baso-lanen ondorioz, erabat eraldatuta eta galduta topatu dute, ordea. Baita gorago ere, mendiko urak hondatuta aurkitu dituztelako beste eremu batzuk. “Nahiko galduta dago gorago galtzada, itxura onik ez dauka”. Suposatzen da galtzada-harriz estalia zegoela Berrenoako bide guztia. Gaur arratsaldean, Lizarrustiraino bideari segika txangoan joateko asmoa zuten. Berrenoa gainean trikuharriak ere badaude.
Ferra puskak eta iltzeak
Lur erauzketak eta garbiketak egiterakoan, zenbait material ere topatu dituzte. Modernoak gehienak: kartutxo azal pare bat, plastikoak, goxoki bilkaria, flasko-tapa bat, kristal puskak, zeramika moderno zatitxo bat… Baina metalezko objektu batzuk ere bai: abereen bi ferra zati eta lau bat iltze buru. Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku utziko dituzte metalezko zatiak. Datatzerik ez dagoela aurreratu du arkeologoak, materia organikorik ez baitute.
Suharri bat ere aurkitu dute, “baina kasualitatez”. Beheko bidean aurkitu zuten. Gizakiak landuta dago, harriari ertz biziak aterata, ebaketa edo su piztaile funtzioetarako. Urbasako suharri bat da, Historiaurrekoa. Proiektuaren testuingurutik kanpo dago pieza hori.
Ataungo Udalaren asmoa, Berrenoako galtzadaren zati gehiago “berreskuratzen saiatzea” da. “Nafarroako zati bat berreskuratuta eta seinaleztatuta dago. Ataun aldekoa horrela egotea pena iruditzen zitzaigun, eta hasi behintzat, hasi gara. Lehen pausoa, zer dagoen ezagutzea da”, dio Pili Imaz zinegotziak.
Ezezagutzagatik, edo arretarik ez jartzeagatik, galtzada-zati batzuk galdu dira jada. Orain azaleratu duten jatorrizko partea, ondare bezala erregistratzea litzateke etorkizuna ziurtatzeko modu bat, Arevaloren iritziz. “Hala, edozein lan egin behar badira, beste leku batetik iritsi beharko dute, edo arkeologo batek gainbegiratu beharko lituzke lanak”.
Aurreneko lana, baina, lurpean eta historiaren itzalean gordeta zer dagoen jakitea eta ikastea da. “Gauzei balioa emateko eta jendeak kontzientzia hartzeko, zer dagoen ikustea da lehenengoa”.
Proiektu integral bat egin beharraz ere aritu dira Diputazioko teknikariak, berreskuratze proiektu handi bat gauzatuta. Ingeniaritza lanak ere behar dira, errestaurazioak egiteko: urak bideratu beharra dago, neguan erreka bihurtzen delako galtzada. “Urak azpiko sedimentua eta material fina eraman du leku batzuetan, eta gaineko bloke eta lauza handiak erori dira. Erreka aldamenetik doa”, dio Arevalok.
Oraingoz, auzolandegiko gazteen boluntario lanarekin egin ahal izan denaz, balorazio ona egin dute sustatzaileek. “Uste baino gehiago agertu da, eta uste baino lan hobea egin dugu. Oso ondo geratu da, eta gazteak ere gustura aritu dira lanean. Dena ondo atera da, eta denbora izan dugu”, baloratu du arkeologo zuzendariak.
Auzolandegian, uda pasa
Auzolandegi programa jaurlaritzarena da, eta hark kontratatu ditu gazteen egonaldirako zenbait zerbitzu. Lau monitoreak, catering enpresa baten jatorduak, oheak, asegurua eta sukaldaria hark ordaindu ditu. Beste alde batetik, erakunde sustatzaile bezala, Barandiaran Katedrak eta Ataungo Udalak finantzatu dute garraioa eta ostaturako lekua. Kasu honetan, auzolandegia arkeologiari buruzkoa denez, arkeologo baten gainbegiratzea beharrezkoa da, eta Erik Arevalok bete du arlo hori. Arkeologia lan bat denez, proiektu bat behar du, eta Ondare departamentuaren baimena.
19 gazteen artean, jatorri askotakoak daude. Cacereseko bat, Madrilgo pare bat, Valentziakoa, Sevillakoa… daude. Baita euskaldunak ere, Donostiako mutil bat kasu. Edo Tuterako beste bat; Goierriko eguraldiaren freskura bila etorri dela aitortu du. Arratsaldeak libre izaten dituzte, eta nahiz San Gregorion lasaitasuna eta patxada izan nagusi, “dibertimendurako moldatzen” direla aitortu dute. Bihar, ostirala, egingo dituzte azkeneko landa-lanak, eta igandean amaituko dute “udalekua”, boluntariotzaren, arkeologiaren eta lagunartearen bideetan bidaiatu ondoren.












