Urretxu eta Zumarragako udalek lazo arrosa jarri dute
Larunbatean bularreko minbiziaren aurkako eguna izango da. Hori dela eta, Urretxuko eta Zumarragako udalek lazo arrosak jarri dituzte udaletxeetako balkoietan. Horretaz gain, Zumarragako Udalak argi arrosarekin argituko du udaletxea eta Urretxuko Udalak Areizaga-Kalebarren plaza argituko du.
Bestalde, urteroko moduan, Katxalinek, bularreko eta ginekologiako minbiziagatik eragindako Gipuzkoako emakumeen elkarteak, hainbat ekitaldi antolatu ditu. Azaroaren 17an Katxalin martxa egingo dute Donostian. Parte hartu nahi dutenek katxalin.org webgunean eman behar dute izena. Datozen egunetan, martxarako kamisetak eta beste hainbat artikulu solidario salduko dituzte. Gaur, bihar eta etzi, 17:30etik 19:30era, Zumarragako udaletxeko arkupeetan salduko dituzte. Ostiralean, 10:00etatik 20:00etara, Urretxuko Eroskin izango dira. Larunbatean, 10:00etatik 13:00etara, Zumarragako plazan eta Areizaga-Kalebarren plazan izango dira. Beraien lokalean ere salduko dituzte (Zumarragako Euskadi plazako, 5-2. eskuina): urriaren 29an eta azaroaren 5ean eta 12an, 17:00etatik 19:00etara.