Izpien Txokoa irekiko du udalak Agirre-Etxeberrin, umeentzat
Herriko 0 eta 3 urte bitarteko haurrentzako zerbitzua izango da. Egunero egongo da zabalik uztailera arte, 09:30etik 20:30era. Motrizitate, esperimentazio, zentzumen eta arte txokoak izango ditu.
Agirre-Etxeberriko areto nagusian jarriko dute zerbitzu berria. Tere Madinabeitia Herriko 0 eta 3 urteko txikien familiei zuzenduta, Izpien Txokoa irekiko du Legazpiko Udalak Agirre-Etxeberri eraikinean. Espazio berri hori, haurren jolasa, sormena eta ikaskuntza bultzatzeko izango da. Udaleko Hezkuntza zerbitzuak sortu eta sustatutako gunea da.
Udal ordezkariek adierazi dutenez, Izpien Txokoa «herriko familiekin udalak duen konpromisoan» kokatzen da. Bertan, «leku estali, seguru eta dibertigarri bat» eskainiko die haur txikiek dituzten familiei, txiki horiek gozatu dezaten, eta haien garapena landu dezaten.
Haurrentzako espazioa
Izpien Txokoa tokiko hainbat eragilerekin egindako lanari esker definitu du udalak. Besteak beste, haur eskolekin, ikastetxeekin eta Doinua Musika Eskolarekin egindako lanketaren emaitza da.
Agirre-Etxeberri eraikineko areto handian kokatu dute. Aretoa bera birdiseinatu dute, eta lau txoko ezberdinetan banatu dute gero. Txoko horietako bat motrizitatearena da, Montessoriren zurezko materialekin osatutakoa, eta motrizitatea garatzeko helburua izango duena. Beste txoko bat esperimentaziora bideratutakoa izango da, eta bertan, zentzumen blokeak, altxor kutxak, botila sentsorialak edo musika tresnak izango dira. Lasaitasunaren txokoa ere izango da espazio horretan, eta besteak beste, ukimena, gozotasuna, trukea edo lasaitasuna lantzeko izango da. Azkenik, txoko artistiko bat ere izango da, eta horretan sormenean murgiltzeko baliabideak izango dira haurren eskura.
Egunero irekita
Zerbitzu berri honek «familientzako topagune eta Legazpiko haurren ongizaterako eta hezkuntzarako funtsezko baliabide» ere izan nahi du, udalaren arabera. Hain zuzen, Izpien Txokoa erabiltzeko interesa agertzen duten familiek kudeatuko dute.
Zerbitzuaren ordutegia astelehenetik igandera izango da, 09:30tatik 20:30ra, eta uztailaren hasierara arte egongo da zabalik.
Abenduaren 2an, astelehena, hiru informazio saio egingo dituzte, gune berriaren funtzionamendua azaltzeko. Bilerak bertan izango dira, 16:00etan, 17:00etan eta 18:00etan, eta joan nahi dutenek udalaren www.legazpi.eus webgunean jarri duten galdetegia beteta eman beharko dute izena. Galdetegia betetzeko azken eguna hilaren 26a izango da, hurrengo asteartea.












