'Gorrotxa', Legazpi Musika Bandaren beste erreferente bat
Legazpi Musika Banda larunbateko Santa Zezilia kontzertuari begira dago egun hauetan. Jesus Castillejo izango dute zuzendari herriko musikariek, azken urte luzeetan bezala. Baina aurretik bandak izan zuen beste zuzendari bat, 47 urteko ibilbidea egin zuena: Jose Maria Gorrotxategi, ‘Gorrotxa’.
Legazpi Musika Banda bere 150 urtetik gorako historiako unerik goxoenetan dago azken urteetan, Jesus Castilleko zuzendari lanetan duela. Baina aurretik ere bizi izan zituen antzeko garaiak, Jose Maria Gorrotxategiren zuzendaritzapean.
Idiazabaldarra jaiotzez, Zestoatik etorri zen Legazpira lanera, eta udalak bandako zuzendari izateko kontratatuta, 47 urte egin zituen zeregin horietan. Castillejo bezala, Gorrotxategi ere bandako erreferentea da.
Txistulari Zestoan
Jose Maria Gorrotxategi Elorza 1909an jaio zen Idiazabalen, eta Legazpin hil zen 1997an. Umetan hasi zen txistua, pianoa eta organoa ikasten, Idiazabalen bertan, eta 14-15 urterako tresna horiek ondo jotzen zituen. 1926an Zestoako Udalak txistulari banda osatzeko deialdira aurkeztu, eta plaza atera zuen, txistu bigarrena, gauzain eta suhiltzailearena, hain zuzen. Bandan ere hasi zen jotzen laster, eta txistulari bandako zuzendari izatea egokitu zitzaion gutxira, 1927an, baita bandarena ere tarteka, udaletxean bulegoan lan egitearekin batera. Zumaiara ere joaten zen, zinema aretoan pianoa jotzera, orduko zinema mutua zelako.
Horrela, gerra iritsi arte, hura hastean ihes egin zuelako. Gartzelan bi urte egin zituen, eta 1939ko amaieran askatu zutenean, Legazpira etorri zen. Ordurako ezkonduta zegoen Maritxu Irurerekin. Emaztearen anai baten bidez etorri zen, hemen lanean ari zelako. Berak, Jose Mari Bereziarturen enpresan lortu zuen enplegua, kontable gisa, eta bertan jardun zuen, jubilatu arte.
Legazpiko bandan
Legazpin, gerra ondoren musika banda berregin eta zuzendari plaza sortu zuen udalak. Gorrotxategik atera zuen 1941eko irailean, nahiz eta zuzendari titularraren plaza ez zioten ofizialki esleitu 1953ra arte. Lanaren barruan, egunero iluntzetan solfeo klaseak ematea eta instrumentuak jotzen erakustea ere sartzen zen. Gorrotxategiren garaiko musika banda, udal musika banda zen, baina jubilatu zenean, gizarte izaerako banda izatera pasa zen. Gorrotxategi izan zen udaletik banda zuzendari izateagatik soldata kobratu zuen azkena. Cuerpo titular de directores de banda de musica civiles zeritzan erakundeko kidea zen, plaza lortu eta gero, eta 1972ra arte. Orduan desagertu zen postu ofizial hura.
Bitartean, bandako zuzendariaren etxean musika zen nagusi, pianoa askotan jotzen zuelako, baita emazteak ere, Jose Mari semeak gogoratzen duenez. «Organoa ere jotzen zuen, mezetan, hiletetan…, nahiz eta organista titularra ez izan. Victor Elustondoren ordez jotzen zuen gure aitak, hark ezin zuenean». Hala ere, lau anaia-arrebetatik, bat ere ez zen atera musikari. «Ni izan nintzen aurreratuena musikan, 10 urterekin hasi nintzen rekintoa jotzen ikasten, baina orduan inork ez zuen pentsatzen musikatik bizi zitekeenik, eta nik ez nuen jarraitu, beste ikasketa batzuk egin nituen, musikarekin zerikusirik ez zutenak, nire anaiak eta arrebek bezala».
Dantzaldiak eta beste
Garai hartako banda 22-25 lagunekoa zen, denak gizonezkoak, eta gehienak, Gorrotxategik erakutsitakoak. «Joan-etorri asko izaten ziren», azaldu du Jose Mari semeak, «soldadutzatik itzultzean andregaia aurkitu, eta banda utzi egiten zuten». Kontuan izan behar da garai haietan orain baino askoz ere musikari gutxiago zegoela herrian, eta lan asko izaten zuela bandak gainera, hamabostean behin dantzaldietan jotzen zuelako, pilotalekuan, eta aire librean udan. «Hiru tanda izaten zituzten: lehenengo tandan bi pieza, gero ordu erdiko atsedena, beste hiru pieza eta beste ordu erdiko etena, eta beste hiru pieza bukatzeko». Dantzaldiak Ilintxak etxean jokatzen zuenean egiten ziren, partiden ondoren, eta Urretxu eta Zumarragako jende asko etortzen zen, han ez zegoelako futbol talderik. Beraz, dantzaldietan jende pila elkartzen zen. 1950 eta 1960eko hamarkadetan izan zen dantza saioen garai gorena.
Bandaren entseguak astearte eta ostiraletan izaten ziren, plazako eskoletan. Etxean prestatzen zituen piezak Gorrotxategik, «orduan ez zen partiturarik izaten hemen, eta Madrildik bidaltzen zizkioten, etxera, instrumentu bakoitzerako desglosatuta, eta letra eta guzti. Pianoarekin moldatzen zituen bandarako, eta guk abesti mordoa ikasi genituen horrela, abestu ere egiten zituelako».
Gorrotxategik 47 urte egin zituen bandako zuzendari. Jubilatu zenean, 1988ra arte jarraitu zuen, eta 79 urterekin utzi zuen betiko. Orduan, Ramon Esnaolak hartu zuen zuzendaritza Julian Elorzarekin.
Gaur, Castillejo
Jesus Castillejo da orain bandako zuzendaria, 1995ean 21 urte zituela kargua hartu zuenetik. Gaurkoak «haien ondorengoak» direla dio. Bera ere Gorrotxategi zuzendari zela hasi zen jotzen, eta ez du hitz onik besterik harekiko: «Gorrotxaren garaiko bandak [Gorrotxa deitzen zioten] herriko soinu banda zen, orduan ez zegoen irratirik ezta telebistarik ere, eta bandak jartzen zuen musika, batez ere dantza saioekin. Herria alaitzea zen bere funtzioa eta dantza saioak bandaren zutabea ziren, gaur kontzertuak diren bezala».
Gaurko bandak beti du gogoan Gorrotxa. Duela 25 urte, etxe parean kaletik jo zioten pieza bat haren urtebetetzean, eta duela urte batzuk omenaldi bat egin zioten Santiktutzetako kontzertu batean, Jose Mari eta Itziar haren seme-alaben bidez.