Talde berria bidean segitzeko
Ziklo berri bat hasi du Beasain Kirol Elkarteak Lehendakaritza eta Zuzendaritza Batzorde berriarekin. Aurreko lantaldeak utzitakoari jarraipena emango dio talde berriak, «arduraz».
Beasain Kirol Elkarteko Lehendakaritza eta Zuzendaritza Batzorde berriko kideak, Loinatz futbol zelaian. Hitza Beasain Kirol Elkarteak ziklo berri bati ekin dio, Lehendakaritza eta Zuzendaritza Batzordea berrituta. Mikel Irastortza Aranburu da klubeko lehendakari berria, Harkaitz Gainzarain Heriz lehendakariordea, Izaskun Perez Septien idazkaria, Jon Madrazo Uribeetxebarria diruzaina eta Uxune Apalategi Gomez, Ruben Saenz de Buruaga Gerrikaetxebarria, Nerea Uranga Txintxurreta, Leire Guede Labari eta Jose Miguel Meruelo Amenabar bokalak. Kluba «gutxienez egoera berdinean mantentzea» da talde berriaren helburua, aurreko taldeak irekitako bideari jarraitzea.
Hobetzeko planteamenduak ere egin eta garatuko lituzke Lehendakaritza eta Zuzendaritza Batzorde izendatu berriak ahal dela, eta horretan ari da buru-belarri. «Erronkak asko eta askotariko arlotakoak» direla azaldu dute. Batetik, «Kirol Arloan, jokalariei ahalik eta maila hoberenean lehiatzeko aukera ematea» aipatu dute, «betiere arlo ekonomikoan jasangarriak izanik». Bestetik, «Beasain K.E-ren masa soziala aktibatu eta auzolanaren baloreak lantzea» izango litzateke beste erronka bat. Horiez gain, Beasain eta bailarako gizartean «modu positiboan eragin» nahiko lukete, besteak beste, «kirol ohituren inguruan edo euskararen erabileran».
Balorerik gabe, ezer ez
Gazte mailetan, klubaren egituraren helburua «jokalarien futbol maila garatu eta hobetzeko baliabideak eskaintzea» da taldeko kideen esanetan, eta horren barruan kokatzen dituzte kirolak eskaini beharko lituzkeen baloreak: «Futbola erabiltzen dugu bizitzarako baliagarriak izango zaizkigun baloreak lantzeko; errespetuzko lehia, talde lana, konpromisoa, kirol ohiturak edota lagunartearen balore positiboak. Azken finean, futbola bizitzarako balore positiboetatik urruntzen denean ez baita futbola guretzat». Adinean aurrera eginda lehiak pisu handiagoa hartzen badu ere, «bizitzako baloreak ahaztu gabe» garatu nahi dute elkartearen egitura. «Guztia beti ibilbide baten gisan ulertzen dugu, hastapenetatik gorengo mailako taldera bidean. Ea senior taldeetan ahalik eta harrobiko jokalari gehienekin ahalik eta kirol maila oneneko lehian aritzeko aukera daukagun».
Hiru ardatz
Aurreko lantaldeak «sekulako lana» egin du talde berriaren ustez, eta Beasain Kirol Elkarteak gaur egun daukan kirol egitura dute horren «adibide nagusitzat». Horregatik, «ezinbestekoa» da beraientzat aurreko zuzendaritzaren ibilbideari jarraipena ematea. «Alde batetik, emaitza oso positiboak eduki dituelako, eta bestetik, martxan doan gurdi astun bat ezin delako egun batetik bestera norabidez aldatu iraultzeko arriskurik gabe».
Etorkizunean planteamendu berriak txertatzea ez dute alboratu, baina planteamenduek «hiru ardatz» izan beharko lituzketela argi dute: «Hobekuntza-planteamenduak izatea, ekonomikoki jasangarriak izatea eta elkarteko egiturak eta masa sozialak ulertuak izatea». 1905. urtean sortu zen Beasain Kirol Elkartea. «Gipuzkoako futbol klubik zaharrena» izateak «bertigo pixka bat baina ardura ere» eragiten die. «Guztion artean mantendu eta hobetu beharreko proiektu bat izan beharko luke, eta izango da», ziurtatu dute.
Barrutik ikusten dena
Kirol Arloa, Komunikazio Arloa, Arlo Ekonomikoa, Instalazio Arloa… entrenatzaileak, delegatuak, langileak, boluntarioak… Hainbat eta hainbat zeregin eta zeregin horiek betetzen dituzten herritar daude Beasain Kirol Elkartea bezalako egitura batean, zuzendaritzako kideen esanetan «barrutik ezagutu arte ezinezkoa dena balioan jartzea».
Talde berriko kideek ezagutzen zuten elkar, baina orain arte ez dira elkarlanean aritu. Helburu komun baten inguruan elkartu dira, eta «helburuak aurrera ateratzeko ardura eta konpromisoa» dauzkate. Auzolana nabarmendu dute: «Gure herrian auzolanak asko eman du, eta bide horretan abiatu gara… Auzolanik gabe ezin ulertu genitzake herri honetan dauzkagun errealitate gehienak».
Aktibatzeko beharretik
«Gogotsu» ekin diote lanari, «arduraz», bestela «historiari errespetua galtzea bailitzateke». Erreleboa «nahiko modu naturalean» sortu da, nahiz eta, azaldu dutenez, «behar izan duen han eta hemen norbaitzuek txinparta batzuk piztea ondoren pixkanaka beheko sua egonkortzen joateko». Igartzan aritzen ziren entrenatzaile laguntzaileetatik sortu zen «zerbait egitearen beharra», aurreko zuzendaritza taldeak errelebo eske baitzeramatzan urte batzuk hamarkada luzez egindako lanaren ondoren: «Futbol eskolako entrenatzaile afari batean, nola ez mahaiaren bueltan… hartu ziren lehenengo konpromisoak, lehenengo helburu bezala egoeraren larritasuna deskribatuz, masa soziala aktibatzeko intentzioz». Hortik aurrera, «masa soziala pausoak ematen hasi» zen, eta dinamizazio talde bat sortu zen. «Eta pixkanaka norbanakoen konpromisoak agertzen hasten dira… eta horrela gaur arte».
Aurreko zuzendaritzako kideen laguntza izan dute eta badute oraindik ere talde berriko kideek: «Laguntza eta konplizitate hori gabe ezinezkoa litzateke aurrera egitea». Arduraz, konpromisoz eta auzolana bultzatuz, lanean segituko du bederatzi lagunez osatutako talde berriak.











