Etxebizitzak gero eta garestiago
Goierrin 142 etxebizitza daude salgai, eta Olaberrian dago salgai Goierriko etxe garestiena, 1.750.000 euroan.
Olaberrian dago salgai Goierriko etxerik garestiena.Loinaz Agirre Ez da gauza berria. Etxeak geroz eta garestiagoak dira Hego Euskal Herrian. Goranzko joera horrek gainera, ez dute etenik. INE Espainiako estatista erakundeak emandako datuen arabera, 2026. urte hasieratik, %6 baino gehiago egin du gora etxebizitzaren prezioak Hego Euskal Herrian. Etxebizitzaren auziak, Espainiako Kongresurako hauteskundeak aurreratzea ekarri du eta ELAk, LABek, ESKk, Steilasek, Etxaldek, Hiruk, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azaroaren 11ko greba orokorra deitzea etxebizitza eskubidearen alde.
2014. urtetik goranzko joera etengabea da. Etxebizitzen salmentaren sektoreak 2013an geratu zuen burbuila ondorengo beheraldi bortitza. Maximo historikoa 2008ko ekainean lortu zuen, metroko 3.378 eurorekin. Merkatua hondoratu zenean, bost urte beranduago, 2.163 euroan zegoen tasazioa.
Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko etxebizitzen prezioak iaz gainditu zituzten burbuilaren aroko prezioak. 2026ko lehen sei hilekoan, etxebizitza berrien metro koadroan prezioa, batez beste, 3.618,95 eurokoa izan da EAEn eta bigarren eskukoarena, 3.437,92. Gipuzkoaren kasuan, etxebizitza berrien metro koadroaren batez bestekoa 5.060,90 euroan dago, eta bigarren eskuko etxearena, 3.697,34 euroan.
Olaberrian dago salgai Goierriko etxe garestiena, 1.750.000 euroan
Hori bai, kontuan hartu behar da 2007az geroztik inflazioa handitu egin dela –%45 inguru–, eta harekin batera soldatak ere bai; hau da, oro har, orduko kostu erreala handiagoa dela oraindik. Alokairuetan, ordea, ezin da halakorik esan, inflazioaren gainetik garestitu baitira oro har.
Dena den, prezioek gora egiten jarraitzen badute ere, Hego Euskal Herriko etxe merkatuan ez da moteltzerik nabari, oraingoz. INEk emandako azken datuen arabera, azken urteetako maila handienei eutsi dio etxebizitza merkatuak. Urteko lehen sei hilabeteetan 16.755 etxebizitza salerosi dira Hego Euskal Herrian. Iazkoarekin alderatuz, iazko aldi berean baino %1,2 gutxiago, baina 2022ko lehen seihilekoan baino %3,7 gehiago. Datuek erakusten dutenez, pandemiaren ondoren hasitako susperraldiari eutsi dio etxebizitza merkatuak, eta egonkortze fase batean sartu da, azken hiru urteetan, 16.000 etxe inguru salerosi baitira.
Goierriko egoera
Goierriko etxebizitzen prezioen inguruko datuen inguruan, Interneteko etxebizitza salmenta-alokairu enpresa ezagun batean urriaren 13an egindako bilaketek ondorengo argazkia utzi dute: Goierrin 142 daude salgai, eta bakarra alokairuan. Prezioei dagokienean, etxebizitza motaren eta egoeraren arabera, alde handia dago.
Araman etxebizitza bakarra dago salgai, 199.999 euroan. Ataunen, 178.000 eta 599.000 euro artean, etxebizitza motaren arabera. Beasainen 69.000 euro eta 549.000 euro bitarteko etxeak daude salgai. Idiazabalen, 95.000 eta 850.000 euro artean. Lazkaon, berriz, 175.000 euro eta 290.000 euro artean.
Legazpiren kasuan, 59.900-222.000 euro artean salgai merkatuan dauden 20 etxebizitzak. Legorretan bi etxebizitza daude salgai: bata 192.568 euroan eta bestea 220.000 euroan. Mutiloan etxe bakarra dago salgai une honetan, 585.000 euroan.
Olaberrian, Ihurre auzoan 210.000 euroko etxebizitzatik hasi eta kaskoan 1.750.000 euroan salgai dagoen txaletaren arteko eskaintza dago. Azken hori da Goierrin salgai dagoen etxerik garestiena.
Ordizian etxebizitzaren prezioak, 135.000-420.000 euro artekoak dira. Ormaiztegin bi etxebizitza daude salgai, 175.000 euroan eta 190.000 euroan.
Seguran 130.000-395.000, Urretxun 115.000-310.000, Zaldibian 169.000-650.000, Zegaman 134.000-350.000 eta Zumarragan 150.000-870.000 euroa artean daude salgai bizitokiak.
Etxebizitzak eraikitzearen kostuak gero eta handiagoak dira
Eustatek landutako datuen arabera, eraikuntzaren kostuen indizea % 0,9 igo da Euskal Autonomia Erkidegoan 2026ko uztailean, aurreko hilabetearekin alderatuta. Urtetik urtera, kostuek % 6,3ko igoera izan dute.
Sektoreka, hilabete batetik besterako datuek erakusten dute kostuak igo egin direla, bai Eraikuntzan (% 1,0), bai Ingeniaritza Zibilean (% 0,7) 2025eko uztailarekin alderatuta, kostuak % 6,2 igo dira Eraikuntzaren sektorean eta % 6,7 Ingeniaritza Zibilaren sektorean.
Kontsumitutako lehengaiei dagokienez, kostuak % 1,3 igo dira aurreko hilabetearekin alderatuta, eta % 6,8 urtetik urtera. Tipologiaren arabera, Eraikuntzan kostuak % 1,3 igo dira aurreko hilabetearen aldean, eta Ingeniaritza Zibilean % 1,0. Urtetik urtera, bestalde, lehengaien kostuak % 6,7 igo dira Eraikuntzan eta % 7,4 Ingeniaritza Zibilean.
Eskulanaren kostuak % 4,7 igo dira uztailean urtetik urtera.











