Goierrin %0,9 hazi da etxebizitza parkea
Goierrin etxebizitza nagusiak 28.767 dira; bigarren etxeak edo hutsak, 5.396. Etxebizitza parkeari buruzko azken txostena 2024ko uztailekoa da.
2018 eta 2023 urte artean, Lazkaon 213 etxebizitza gehiago egin ziren. Loinaz Agirre
Eustaten etxebizitzaren parkeari buruzko azken txostenak dionez (2024ko uztailaren 22koa), Euskal Automia Erkidegoan (EAE) etxebizitza parkeak etengabeko hazkundea izan zuen 2013 eta 2023 urteen artean, guztira 53.896 unitate gehituz (%5,2 gehiago). Ohiko bizileku izateko etxebizitzen kopurua 6.889 unitatetan handitu zen 2022ko datuekin alderatuta. Honela, 2023ko urtarrilaren 1ean, Euskal Autonomia Erkidegoko etxebizitza parkea 1.084.947 unitate izatera iritsi zen.
Araban izan zen hazkunderik handiena, 2013an baino % 5,6 bizitegi gehiagorekin, hau da, 8.997 etxebizitza gehiago. Gipuzkoan 17.441 etxebizitza gehiago zeuden, hau da, % 5,2ko igoera; Bizkaian, berriz, 27.458 gehiago, hau da, % 5,1eko igoera erlatiboa. Hala, erdia baino gehiago –560.845 etxebizitza– Bizkaian daude, hau da, bizitegi parkearen % 51,9. Gipuzkoan 351.859 etxebizitza daude, guztien % 32,5; gainerako 168.943 etxebizitzak Araban daude, parke osoaren % 15,6 osatuz.
Eskualde guztietan ikusten da ohiko etxebizitzen kopuruaren igoera; Goierrin %0,9koa. Eskualdeei dagokienean, laugarren postuan dago. 2018 eta 2023 urteen artean Goierriren kasuan, 2018an 33.594 zeuden eta 2023an 34.188; 594 gehiago. Familia etxebizitza nagusiak dira gehienak, 28.767. Bigarren etxeak edo hutsak, berriz, 5.396. dira. Hemeretzi etxebizitza kolektibo ere badaude Goierrin.
Alokairu-erregimenari dagokionez, alokairuko 137.123 etxebizitza zeuden EAEn 2023an, guztizkoaren % 14,8. Lurraldeka, Gipuzkoak eta Arabak batez besteko alokairua gainditzen dute (% 16 eta % 15,4, hurrenez hurren), eta Bizkaiak, berriz, etxebizitzen % 13,9 ditu alokairuan.
Batez beste, bi lagun
Egoiliar bat edo bi dituzten etxebizitzen kopuruak gora egin du, eta hiru bizikide edo gehiagoko etxebizitzek behera 2022tik 2023ra. EAEko batez besteko familia-etxebizitzan 2023an, 2,4 pertsona bizi ziren. Pertsona bakarreko etxebizitzak familia etxebizitza nagusien % 30,5 dira, aurreko urtean baino 0,5 puntu gainetik, hau da, 6.189 etxebizitza gehiago. Goierriren kasuan, jaitsi egin da batez besteko hori. Gero eta jende gutxiago bizi da etxeetan: 2018an batez beste, 2,5 lagun bizi ziren etxebizitzako, eta 2023an, berriz, bi pertsona.
Antzinatasuna eta azalera
Etxebizitza parkearen ezaugarriak ere bildu ditu Eustaten txostenak. Besteak beste, antzinatasuna eta azalera.
Familia etxebizitzen parkearen batez besteko antzinatasuna 48,7 urtekoa da. Lurraldeka, parke modernoena Arabak du (42,7 urte), ondoren Gipuzkoak (49,1 urte) eta, azkenik, Bizkaiak (50,3 urte).
Goierriren kasuan, 51,7 urtekoa da etxebizitzen batez besteko antzinatasuna. Etxebizitzarik zaharrenak Gabirian daude, batez beste, 63 urtekoak. Berrienak, berriz, Gaintzan eta Araman, 41 eta 42 urtekoak, batez beste.
Zaharrenak bai, baina azalera handikoenak ere Gabirian daude; batez beste, 178 m2. Hau da, zenbat eta urte gehiago izan etxeak, orduan eta azalera handiagokoa da. Goierriren kasuan, batez beste, azalerarik txikieneko etxebizitzak, biztanlerik handieneko herrietan daude: Zumarragan, Beasainen, Legazpin eta Urretxun.
Etxebizitzaren batez besteko azalera erabilgarria EAEn, 87,5 m2-koa da. Arabak ditu familia-etxebizitza handienak (92,8 m2), ondoren Gipuzkoak (87 m2) eta azkenik Bizkaiak (86,1 m2).
Gela kopuruari dagokionez, EAEko familia etxebizitzen hiru laurdenek lau edo bost gela (logelak, egongela eta sukaldea barne) eta 1,4 bainugela dituzte, batez beste, eta ia etxebizitza guztiek (% 99,7k) gutxienez bainugela bat dute.
Gasa eta igogailua
Azkenik, 2023an, etxebizitza nagusien % 83,1ek hodi bidezko gasa du eraikinean. Era berean, etxebizitza nagusi guztien % 74,1ek igogailua du. Emaitza horiek adierazten dute ehuneko bi eta hiru hamarren igo direla, hurrenez hurren, 2022an ekipamendu horiek zuten presentziarekin alderatuta. Goierrien kasuan, igogailua duten etxeen kopurua, %64koa da.













