Beasainen jokatuko dira Ados Pilotaren lau eta erdiko txapelketako aurre-kanporaketak eta ligaxkako lehen jardunaldiak
Ostiralean, aurre-kanporaketako bi norgehiagoka jokatuko dira Antzizar kiroldegiko pilotalekuan, 20:30ean hasita: Mujika Perezen aurka eta Orbegozo Gomezen aurka.
Ados Pilotako pilotarietako batzuk.Ados Pilota Ados Pilotaren lau eta erdiko txapelketaren bigarren edizioa hastera doa, eta Beasainen jokatuko dira aurre-kanporaketak eta ligaxkako lehen jardunaldiak. Ostiralean, aurre-kanporaketako bi norgehiagoka jokatuko dira Antzizar kiroldegiko pilotalekuan, 20:30ean hasita: Mujika Perezen aurka eta Orbegozo Gomezen aurka. Sarrera doakoa da.
Maddi Barrokal, Leire Oskoz, Iera Iturriaga, Ane Mendiburu, Marta Gomez, Amaia Arrastia, Oihana Orbegozo, Alejandra Perez, Olatz Ruiz de Larramendi, Natale Aranburu, Naroa Agirre eta Maite Mujika ariko dira aurtengo txapelketan. Barrokal, Oskoz, Iturriaga eta Mendiburu zerrendaburu izaera izango dute eta zuzenean sartuko dira ligaxkan.
Gainontzekoek aurre-kanporaketa bana jokatuko dute: ostiraleko partidez gain, Ruiz de Larramendik Aranbururen aurka eta Agirrek Arrastiaren aurka ere Beasainen jokatuko dute hurrengo jardunaldian.
Lau irabazleak zerrendaburuekin elkartuko dira ligaxkan, lau pilotariko bi multzotan: Barrokal, Mendiburu, Mujika-Perez partidako irabazlea eta Agirre-Arrastia partidako irabazlea; eta Oskoz, Iturriaga, Orbegozo-Gomez partidako irabazlea eta Ruiz de Larramendi-Aranburu partidako irabazlea.
Beasaindik Elgetara
Multzo bakoitzean denek denen aurka jokatuko dute eta lehen bi sailkatuak finalerdietara pasatuko dira. Finalerdietan bi multzoak gurutzatuko dira: A multzoko lehen sailkatuak B multzoko bigarrenaren aurka, eta B multzoko lehenak A multzoko bigarrenaren aurka.
Txapelketaren azken txanpa Elgetan jokatuko da: azaroaren 28an, ligaxkako azken jardunaldia, abenduaren 12an finalerdiak eta abenduaren 19an final handia.












