«Profesional izatea ametsa izan da, baina oso oso zaila da»
Txirrindularitza ibilbidea amaituta, herritarren aitortza jaso berri du Lur Zufiriak Ormaiztegiko Ziklo Krosean, Ion Izagirre eta Pello Bilbaorekin batera.
Lur Zufiria igandean Ormaiztegin, herritarrek egindako omenaldian. Aimar Maiz Lur Zufiriak (Ormaiztegi, 2003) abuztuan egin zuen bere azken lasterketa, Gaztela-Mantxako Biran hirugarren sailkatuta. Emakume kirolari askok bezala aukeratu beharra izan du, eta bizikleta utzi eta bere lan ibilbidea irakaskuntzaren alorretik bideratzeko erabakia hartu du. 13 urtez aritu da bizikletan, tartean lorpen ugari eskuratuta.
Omenaldia jaso berri duzu herrian, beste bi txirrindulari handirekin batera. Zer moduz?
Oso oso polita izan zen. Oso hunkigarria. Nere txirrindularitza etapa ixteko uste dut ez dagoela modu hoberik, are gehiago Pello Bilbao eta Ion Izagirrerekin batera egin ahal izatea. Oso oso egun polita izan zen.
Zatika Team-ekin egin dituzu azken urteak.
Bost urte egin ditut Zatikan. 23 urtekoez azpiko mailako lehendabiziko urtean hasi nintzen Zatikarekin. Lau urte egin ditut maila horretan eta azkeneko hau elite mailan.
Zure ametsetako bat txirrindulari profesional izatea zela zenioen orain ez horrenbeste. Zer gertatu da?
Denboraldi hasieratik nerabilen buruan laster iritsiko zela txirrindularitza uzteko unea, agian ez aurten, baina laster. Profesional izatea ametsa izan da bai, baina oso oso zaila dago, are gehiago emakumea izanda. Ez dago aukera handirik, ez dago ia talderik. Errealista izan naiz beti; aurten lan munduan probatu nahi nuen, denbora librea behar nuen lan egin ahal izateko, izan ere, bizikletak ordu asko eskatzen ditu, diziplina handia eskatzen du.
10 urterekin hasi zinen bizikletan, kontatua duzunez gurasoen eraginez, ala?
Beti egon da etxean zaletasuna. Lagun batekin hasi nintzen, probatzeko eta gaur egunera arte, guztira 13 urte izan dira.
Zatika Team aipatu dugu baina beste talde batzuetatik ere igaro zara urte guzti hauetan.
Bai hori da. Ampon hasi nintzen; kadete mailan Tolosako Gipuzkoa Ogi-Berri taldean egon nintzen eta gazteen mailan, Tolosako Limousinekin. Azkeneko bost urte hauek Zatika Team-en eman ditut.
Nola gogoratzen dituzu hasierako urte haiek?
Etapa polita izan zen; orduan hasi nintzelako iritsi naiz gaur egunera arte. Oso ezberdin bizi izan ditut hasierako eta amaierako etapak. Hasieran, astean bitan irteten nintzen entrenatzera, eta asteburuetan lasterketa. Ez zeukan zerikusirik azken urte hauetako diziplinarekin eta exijentziarekin. Momentu politak oroitzen ditut.
Nola baloratuko zenuke zure ibilbidea, osotasunean hartuta?
Progresio bat izan da, urtez urte hobetzen joan naiz eta orokorrean, denboralditik denboraldira salto bat egin dut aurrera. Nire azken lasterketa, Gaztela-Mantxako Biran, podium bat eginez —hirugarren sailkatuta— amaitu nuen.
Beste lorpen garrantzitsu batzuk ere izan dira zure ibilbidean.
Lorpen guztiak dira garrantzitsuak. Azken hau bereziki, zikloa ixteko modurik onena izan delako. Aurretik, Euskadiko txapeldun izan nintzen errepidean 2023an; aurten Bergaran kronoeskaladan podiuma egin nuen eta lasterketa txukun batzuk ere egin ditut, tartean.
Irakaskuntzan hasi duzu lan ibilbidea, baina bizikleta ez duzu alboratuko, ezta?
Lehiatzeari utzi diot eta ez dut egunero bizikleta hartzen, korrika egiten ere banabil. Kirola egitea barruan daraman zerbait da.
Zer esango zenioke bizikletan hasten ari diren neska gazteei?
Pazientziaz hasteko, urtez urte ereindako lana da bizikletarena, eta ondoren, horrek ekartzen ditu emaitzak. Ez dezatela presarik izan umetatik garaipenak lortzeko, poliki poliki joateko.












