«Poesia publiko guztiarentzat izan behar dela iruditzen zait»
Hegialdeko auzo elkarteak gonbidatuta, Jose Conejok idatzi duen azken liburua aurkeztuko du gaur, 19:00etan, Atzegiren lokalean. Poesia liburua da, eta ‘Plomo en roman paladino’ du izenburua.
Hegialdeko Jose Conejo Aonsok (Legazpi, 1960) publikoaren aurrean aurkeztuko du Plomo en roman paladino izeneko poesia liburua, idatzi duen bigarrena. Mari Romero idazle legazpiarra ondoan duela, gaur egingo du aurkezpena, auzoan bertan. Atzegiren Txolartean izango da hitzordua, 19:00etan.
Juan Altzelai lagunari eskaini diozu liburua.
Bai, eta azken poema ere berarentzat da. Bihar bertan beteko da urte bete istripuz hil zela, eta heriotzaren berri jaso nuenean idatzitako poema da, barru-barrutik ateratakoa. Lagun handia nuen. Aurkezpenean ere berari eskainitako beste poema bat irakurriko dut.
Nolakoa izango da aurkezpena?
Hegialdeko auzo elkarteak antolatu duenez ekitaldia, Sonia Manso lehendakariak hitz egingo du lehenik, auzoaz, elkarteaz eta orain egiten ari garen lanaz. Ondoren, nik Hegialderi buruz, jaiez… idatzi dudan poema bat irakurriko du Mari Romerok, eta gero etorriko da nire txanda. Juani eskainitako Rojo panda poema irakurriko dut, eta liburuaz hitz egingo dut.
Ekitaldi hau Hegialdeko auzo elkartearen biziberritzearen baitan kokatzen da.
Bai. Juan bezala, auzotar gehiago hil dira azken denboraldi honetan, auzo elkartearekin harremana zutenak, eta heriotza horiek pizgarria izan dira garain batean lanean ibili ginenak berriz ere elkartu eta martxan jartzeko, baita laster beteko dituen 50 urteak ere. Hasierako izpiritua berreskuratzea da helburua, eta lanean jarraitzea. Lokal bat eskatu nahi dugu, orain Atzegiren Txolartean biltzen garelako, eta ekipamenduen aldarrikapenekin jarraitu eta kirol eta kultur ekitaldiak antolatu. Azken atal honetan kokatzen da nire liburuaren aurkezpena.
Nola hasi zinen idazten?
Ni beti izan naiz asko pentsatzeko pertsona bat, baina pentsamenduak buruan gordetzen nituen, bati poema forma emanda paperean idatzi eta lehiaketa batera aurkeztu nuen arte. Hura izan zen hasiera, eta idazten jarraitu nuen. Ber
Poesia idazten duzu?
Poesia baino gehiago, bertsoak. Ez dut nire burua gai ikusten prosa idazten, nobela bat ez, behintzat. Nik bihozkadatik idazten dut, ideiak burura etorri eta hori jaso egin behar ditut. Beti ez dira momentuan poema bihurtzen, eta batzuk denbora batez alboratuta uzten ditut, lasaiago lantzeko, edo erabat baztertzeko. Nik beti esan izan dut ez dakidala nik idazten ditudan poemak, edo poemak diren nigana datozenak.
Nondik datozkizu poemak?
Nik asko irakurtzen dut, gehiena prosan, prosa poetikoa batez ere. Eta askotan, irakurtzen ari naizenean, esaldi batek arreta deitzen dit eta zerbait idazteko bidea irekitzen dit. Baina izan daiteke paisaia bat, leku bat, abesti bat, solasaldi bat…
Jarri ezazu adibide bat.
Bai. Aste Santuan herrian dugun etxeko baratzean eguzkitan kafe bat hartzen eta liburua irakurtzen ari nintzela, zikoina bat ikusi nuen hegan, eta horrek Aste Santuari buruz, hutsik dauden herriei buruz idaztea iradoki zidan. Momentuko gauza izan zen, bihozkada bat.
Horregatik idazten duzu mugikorrean?
Bai! Eskura dut beti, eta bertan idazten ditut zirriborroak, koaderno bat balitz bezala. Gero ordenagailura pasatu eta hor ematen diet azken forma, ordenatu, eta gaika sailkatu. Baina poema horiek irekita geratzen dira, argitaratu arte bizirik jarraitzen dute. Behin argitaratzen direnean, ezin dira gehiago aldatu.
Zenbat argitaratu dituzu?
Plomo en roman paladino bildu ditu batzuk. Hau bigarren liburua da. Aurretik No pienses, siente. Cinco satiras y una caligrafia idatzi nuen, eta lehenago antologia pare bat ere partekatu nituen beste autore batzuekin, bata poesian eta bestea prosan. Baina gaurkoa da publiko aurrean aurkeztuko dudan lehenengoa.
Zer da ‘Plomo en roman paladino’?
Talon de Aquiles argitaletxearekin egin dut. Liburua bidali nien, eta argitaratzen lagundu didate. Webgunean dute salgai, eta gaurko aurkezpenean ere salduko ditut. Salmentak ondo badoaz, estatu mailan banatuko dute liburu dendetan. Pozik nago, nik idatzitakoa jendeak irakurtzeko aukera izango duelako.
Zer irakurri daikeke bertan?
Liburuak 52 poema ditu 120 orrialdetan eta bost kapitulutan banatuta. Gerra eta genozidioa da lehenengoaren gaia, sentimenduak eta poesia bigarrenarena. Hirugarrenak kutsu sozialagoa du, laugarrenean ipuinei eta kondairei egin diet lekua, eta bosgarrena metapoesiari eta poetaren sentimenduei buruzkoa da. Amaitzeko, Juani eskainitako poema dago.
Roman paladimo idazkera mota bat da.
Hala da. Aspaldiko adierazpena da, eta esan nahi du gauzak zuzenean eta apaingarri gutxirekin adieraztea.
Eta ‘plomo’, edo beruna, zergatik?
Edukia duten gaiei egiten die aipamena, gai zehatzei: gerrari, sentimenduei… Liburua irakurri duten batzuk esan didate agian horrexegatik kutsu negatiboa islatzen duela, baina nire ustez ez da horrela. Nik pentsatzen dut bizitza den bezala azaldu behar dela, apaingarririk gabe, eta dituen alaitasunak eta samintasunak onartu ondoren, positiboa izan. Azken batean, idazketa exorzismo ariketa bat da, barruan dituzun gauzak atera eta sentitzen duzuna ateratzen laguntzen dizuna. Liburu hau horretarako da, norbera barrura begira jartzeko. Dena dela, irakurleak jakin behar du nik idazten dudana ez dela nire bizitza, nire esperientziak eta momentu zehatz batean bizitako egoerak dira, bai, baina ni ez naiz hor agertzen dudana.
Norentzako da liburua?
Guztientzat, eta poesia gustatzen ez zaiela esaten duten horiei, animatu egin nahi ditut irakurtzera. Nire ustez, irakurtzeko erraza da, poema zuzenak dira, edukiari formari baino leku gehiago ematen diotenak. Poesia publiko guztiarentzat izan behar dela iruditzen zait.












