Urretxu eta Zumarragako Euskararen 13. Mintzodromoa egin dute Urretxun
50 bat lagun elkartu dira Urretxuko udaletxeko portalean euskaraz aritzeko. Euskaraz eta euskara konpartitzea du helburu ekimenak.
Euskararen Egunaren atarian (abenduaren 3an da), Urretxu eta Zumarragako Euskararen 13. Mintzodromoa egin dute gaur goizean Urretxuko udaletxeko portalean, bi herrietako udalek eta udal euskaltegiak elkarlanean antolatuta. 50 bat lagun eta 10 bat antolatzaile elkartu dira bertan euskara eta euskaraz konpartitzeko helburuarekin.
Udal ordezkariaren hitzaldiaren ondoren, Joanes Plazaola Urretxu-Zumarraga Ikastolako ikasleak eman dio hasiera ekimenari. Urruzuno literatur lehiaketara aurkeztu da Plazaola azken bi urteetan, eta saritua izan da bietan. Aurtengoan, lehen saria lortu zuen maiatzean Sara lanarekin, eta hain justu, lan horren pasarte bat irakurri du Mintzodromoari ekiteko.
Ondoren, Zatekeen erromeria taldeko Amaiur Jauregi eta Olaia Castro musikariek Berri Txarrak taldearen Maravillas abestia eskaini dute.
Lauzpabost pertsonako taldeetan banatuta, ariketak egiten eta hitz egiten hasi dira mintzalagunak gero, kafez eta bizkotxoz lagunduta. Ordu eta erdi inguru iraun du saioak.
Euskara ikasten ari denari euskaraz egiteko espazioa eskaintzea eta euskaraz egitera animatzea, euskaraz egiteko aukera gutxi duenari aukera ematea edota euskalduna izanda ere ohituraz gutxi egiten duena euskaraz aritzera motibatzea dira Mintzodromoaren helburu nagusiak. Azken finean, goiz atsegina pasatzea euskaraz.