Pilota eskolako haurren San Blas jaialdia jokatu da Idiazabalen
Denera bost partida jokatu dituzte. Horietan azkena, Gipuzkoako txapelketako partida izan da, infantil neskena.

Idiazabalgo pilota eskolako haurrek San Blas pilota jaialdia jokatu dute gaur arratsaldean Igarondo pilotalekuan. Denera bost partida jokatu dituzte, 16:30ean hasita. Horietan azkena, infantil neskena, Gipuzkoako txapelketako partida izan da. LH2. mailako mutilak izan dira lehenak jokatzen: Xabat Santxez eta Ener Santxez, batetik, eta Eñaut Oiarbide eta Aimar Mujika, bestetik. Bigarren bikoteak lortu du garaipena. Ondoren, LH3ko Oier Geresta eta Aimar Urteaga, Xuban Barandiaran eta Danel Maiztegiren aurka lehiatu dira, eta lehenengo bikotea gailendu da. Hirugarren partidako protagonistak, kimu mailako Martxel Munarriz eta Unai Barreros izan dira, Patxi Etxabe eta Ibai Iparragirreren aurka. Laugarren partidako irabazleak Iraitz Iani eta Oier Galparsoro izan dira, Oier Aldanondo eta Aimar Mendikoaren aurka. Azkeneko partidan, Abantzu pilota klubeko Laia eta Naroa Gastiainek lortu dute garaipena, Aizkorpe klubeko Amaiur Landa eta Izar Etxezarretaren aurka.
Aizkorpe pilota kluba
Gaur egun, 35 neska-mutil dabiltza pilota eskolan, 33 mutil eta bi neska. Adinez, LH1etik nagusien mailara artekoak. Hala ere, eskualdeko haur eta gazteen artean pilota bultzatzeko asmoz, Zegamako eta Segurako pilota eskolekin batera —Zerain eta Mutiloako pilotariak barne— Aizkorpe Pilota Kluba sortu zuten uztailean.










































