Orklidea saria, Horbel eta Pausoka elkarteentzat
Orkli kooperatibak Orklidea egitasmoarekin 50.000 euro banatu ditu. Horbel eta Pausoka elkarteen eskutik Saharako haurrei eta komunikazio arazoak dituzten haurrei laguntzeko proiektuak lagunduko ditu.

Orkli kooperatibako Elkarteko Gizarte Kontseiluak sustatzen duen Orklidea egitasmoaren lehen edizioko irabazleak, Horbel eta Pausoka elkarteak dira. Euskal Herri mailan garatzen diren proiektuei zuzenduriko Orklidea laguntza programaren bidez, bi proiektu irabazleen artean, 50.000 euro banatuko dituzte.
Horbel elkartea
Horbel gizarte ekimeneko kooperatiba izan da A saileko irabazlea. Horbel elkartearen bidez, Saharako hamabi haur etorriko dira Zeraingo Aterpetxera uda pasatzera. Uda Bakean programaren barruan Goierri eskualdean azken urteetan Saharako haurrentzat harrera familiarik egon ez denez, Zeraingo Aterpetxean hamabi haur hartzeko proiektua da martxan jarri dutena. Goierriko hainbat elkarteren laguntza ere izango dute, tartean Orkliko langileena, haur horientzat ekintzak antolatuz, uda ahaztezina izan dezaten.
Pausoka Elkartea
Pausoka Elkarteak aldiz, 15.000 euroko laguntzarekin komunikazio zailtasunak dituzten Gipuzkoako sei-bat haurrek komunikazio gaitasun digitala izan dezaten hainbat komunikagailu eskuratu eta txertatuko ditu beren familietan. Komunikagailu horiek modu pertsonalizatuan landu behar dira, haur bakoitzak dituen beharretara egokituz.
25 proiektu
Euskal Herri mailan garatzen diren proiektuei zuzenduriko laguntza programa berria da. Orkliren esanetan, “elkarlanean sortutako ekinbideak, ilusioaren hazitik ernaldutako ideiak, kideen babesarekin goxatutako proiektuak zituen helburu Orklidea ekimenak”.
25 proiektutik gora ezagutu eta aztertu ondoren, Orkliko kolektiboak aukeratu ditu bere irabazleak, “pertsonen aukera berdintasuna, balioetan heztea, Euskara… bezalako arloak balioan jarriz”.