Hamalau diplomadun gehiago
Elkar-EKIN Lanean enplegu programaren barruan, mendekotasuna duten pertsonei etxean arreta soziosanitarioa emateko prestakuntza jaso duen taldeari diplomak banatu dizkiete Goiekin.

Gizartean eta Lan-munduan txertatzeko Eskualdeko Sareak bultzatutako Elkar-EKIN Lanean enplegu programaren barruan, mendekotasuna duten pertsonei etxean arreta soziosanitarioa emateko prestakuntza jaso duen taldeari diplomak banatu dizkiete Goiekin. Mendeko Pertsonei Arreta Soziosanitarioa Etxean ikastaroan, 2. Mailako Profesionaltasun Ziurtagiria eskuratu dute hamalau lagunek.
Elkar-EKIN Lanean programaren helburua, gizartean bazterturik dauden edo egoteko arriskuan dauden pertsonen gizarteratzea eta laneratzea sustatzea da, egungo lan-merkatuaren beharretara egokitutako prestakuntza-eskaintza kualifikatuaren bidez. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko Departamentuak %85ean eta Goierriko udalen %15ean finantzatuta dago.
Eskualdeko beharrak
Gizarte-langileek eskatuta eta eskualdeko Gizarteratze Mahaiarekin lankidetzan (Caritas, Gurutze Gorria, Sarea Fundazioa, Goierri Eskola, Ede Fundazioa, Biok Zerbitzuak, Prospektiker eta Goieki), zainketen arloko prestakuntza eskaintzen hasi zen, eskari profesional handiko sektorea baita. Gurutze Gorriak eman du 530 orduko ikastaroa, 2024ko apirilaren 22tiki eta 2025eko maiatzaren 7ra bitartean. Aldi luze horretan, ikasleek hiru prestakuntza-modulu bereizi landu dituzte, mendekotasun-egoeran dauden pertsonen zaintzari eta laguntzari buruzko funtsezko ezagutzak eskuratzeko: Etxeko laguntza eta familiako elikadura, Higienea eta etxeko osasun-arreta eta Etxeko arreta eta laguntza psikosoziala.
2026ko irailean berriro eskainiko da ikastaroa.