Oiangualdea Stopek elkarretaratzea egin du, Oiangualdeko proiektua geratzea eskatzeko
Ordiziako udaletxe aurrean elkarretaratzea egin du Oiangualde Stop plataformak. 780 pertsonek sinatu dituzte alegazioak.

Oiangualde STOP plataformak elkarretaratzea egin du gaur 19:00etan, Ordiziako udaletxe aurrean, Oiangualdeko urbanizazioaren proiektuaren alegazioak aurkezteko epea amaitu den egunean.
Elkarretaratzera gerturatutakoei eta “beraien sinadurekin Oiangualdeko urbanizazioa ez dutela nahi argi utzi duten 780 pertsonei” eskerrak eman nahi izan dizkie plataformakoek: “Partehartze ikaragarria. Benetan, mila-mila esker!”.
Era horretan, “sinadura kopuru horrek eta gu guztiok hemen elkartu izanak argi erakusten du, Oiangualden gauzatu nahi duten proiektuarekin ados ez gauden herritar asko gaudela, eta ez gaudela prest gure muturren aurrean ezer gertatuko ez balitz bezala jarduteko”.
Oiangualde Stop plataforma ondorengo arrazoiengatik dago Oiangualdeko urbanizazioaren aurka:
“Hasteko, ezin dugu ulertu gaur egun bizitzen ari garen etxebizitzaren arazoaren kontestuan, urbanizazio hau irtenbide bezala saltzea. Etxebizitzaren eskuragarritasunarena errenta baxueneko familiek bizitzen duten arazoa da batez ere, eta Oiangualden egin nahi diren txaletak ez dira familia hauentzako eskuragarriak izango, eta honek, noski, errenta ezberdineko familien arteko ezberdintasunean sakontzea ekarriko du. Hau da, familia aberatsen urbanizazio bat izango dugu herrian. Zentzu honetan, herrigunetik bereizitako urbanizazio batek, herritarren arteko segregazioa, herriaren baliabide ezberdinen xahuketa eta mugikortsun arazoak sortuko ditu”.
Bestetik, “urbanizazio honek Ordiziako naturgune batean eragingo dituen galerak ere kezkatzen gaitu. Izan ere proiektu hau gauzatu nahi duten lurrek balio agroekologiko handia dute, eta ez gaude prest holako balioa duten lurrak hormigoiz betetzen uzteko”.
Eta azkenik, “ideia bat argi geratzea nahiko genuke, egoera honetan aurkitzearen arrazoia aspalditik datorrela jakin dakigun arren, egoera honi irtenbidea ematea borondate politiko kontua dela ere badakigu. Zentzu honetan, dei egiten diegu udaleko alderdiei egoera honi irtenbidea emateko neurriak hartzera”.
Hala ere, “argi erakutsi dugu plataforma honen bitartez, instituzio publikoetan hartzen diren erabakien aurrean antolatzeak eta borrokatzeak zerbaitetarako balio duela. Modu horretan, aurrera begira antolatuko ditugun ekimenetan parte hartzeko gonbita luzatu nahi dugu”.
Oiangualdeko proiektuaren aurkako arrazoiak
Oiangualde Stop! plataformak Ordiziako Udalari eta alderdi politiko guztiei “irmoki” eskatzen die Ordiziako Oiangualde urbanizazio proiektua bertan behera uztea, “arrazoi politiko, sozial eta juridiko sendoetan oinarrituta”.
Hitzez hitz honela dio Oiangualde Stop plataformaren arrazoiak:
“Arrazoi politiko eta sozialak:
- Ez dugu Oiangualde urbanizatu nahi: Natura eta lurra zaindu nahi ditugu. Espazio honek berdegune, hezkuntza-eremu edo nekazaritza-erabilera izan behar luke, ez luxuzko txaletak egiteko.
- Goierri Eskolaren garapena ezin da aitzakia izan urbanizazio bat egiteko: Hezkuntza eta espekulazioa ez dira bateragarriak.
- Ez dugu segregatutako urbanizaziorik behar: Ez dator bat ez Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko legearekin ezta Ordiziako Plan Orokorrarekin ere. Segregazioa, baliabideen xahuketa eta mugikortasun arazoak ekarriko lituzke.
- Herritarren integrazioa eta elkarbizitza oztopatuko luke: Gizarte-desberdintasunak areagotuko lirateke.
- Ordiziak etxebizitza soziala behar du, ez txaletak: 2006ko legeak espekulazioa saihestu eta erabilera soziala lehenetsi behar dela dio; proiektu honek, ordea, kontrakoa proposatzen du.
- Elikadura burujabetzaren aurkakoa da: Balio agroekologiko handiko lur emankorrak urbanizatzeko arriskuan jarriko lirateke.
️ Arrazoi juridikoak:
- Planaren atzerapena eta legezko epeen urraketa: 2008tik geldirik dagoen plan hau epe legalak urratuz garatu da. Udalak ez ditu erabili egoera hau bideratzeko eskura zituen legezko tresnarik, arrazoi urbanistikoengatik desjabetze zehapena, esaterako. Guztiz, bestela, 17 urte beranduago etxebizitza kopurua handitu eta operazioaren balio ekonomikoa handitu nahi du.
- Araudia zaharkituta dago: 2006ko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko Legeak 15 urteko epea ezarri zuen aurreko arauak egokitzeko. Egokitzapen hori ez da egin; beraz, gaur egun ez dago indarreko araudirik.
- 2016ko Plan Orokorraren Aurrerapenarekin bateraezina: Bertan, Oiangualde lehentasunez jarduera ekonomiko estrategikoetarako eta ekipamenduetarako aurreikusten da. Proposamenak etxebizitza kopurua bikoizten du ia, partzelen balio ekonomikoa handitzeko, baina gainerako ekipamendua ez da aldatzen, Plan Orokorraren aurrepenarekin kontraesanean eroriz.
- 2006ko Lurzoru eta hirigintzaren inguruko legeak ezarritako estandarrak ez dira betetzen: Legea indarrean sartu ondorengo planek 2006ko legedira egokitu behar dira. Modu berezian, ez du betetzen babes ofizialera bideratu beharreko etxebizitza proportzioa.
- Herritarren zerbitzura egon beharreko espazio eta baliabideak ez dira behar bezala kontuan hartzen eta babeseko etxebizitzara bideratzeko udalaren esku utzi beharreko %15a ere ez da betetzen”.