Nazioarteko shorinji kempo jardunaldian bi domina lortu ditu GUSKEK
Frantziako Gien herrian izan da lehia, eta Ander Mateok eta Iñigo Mujikak lortu dute domina. 90 borrokalari inguru elkartu dira.

Nazioarteko shorinji kempo jardunaldian parte hartu dute Goierri Urola Shorinji Kempo Eskolako (GUSKE) ordezkariek, Frantziako Gien herrian. Bertan, diziplina martzial horretako 90 pertsona inguru bildu ziren, hainbat herrialdetakoak. Topaketa aukera paregabea izan zen. Taldeko ordezkariek azaldu duten moduan “kultura ezberdinetako kenshien arteko ikasketa, lehiaketa eta truke teknikorako, errespetuzko, exijentziazko eta adiskidetasunezko giroa nagusitu zen”.
GUSKEko ordezkaritzak jarduera nabarmena izan zuen. Taldeko kide diren Ander Mateok eta Iñigo Mujikak, lan bikaina burututa, zilarrezko domina bana lortu zuten.
Bi kideen arrakastaz haratago, GUSKEko zenbait maisuk paper garrantzitsua bete zuten jardunaldiaren antolaketan, eta epaile gisa jardun zuten hainbat kategoriatan. Haren esperientzia eta irizpidea funtsezkoak izan ziren ebaluazio zorrotzak eta bidezkoak bermatzeko, eta horrek lagundu zuen ekitaldiaren maila tekniko handian.
GUSKEko kideen hitzetan “nazioarteko jardunaldi honek parte-hartzaileen banakako eta taldeko hobekuntzarako plataforma gisa ez ezik, eskolen eta herrialdeen arteko topagune gisa ere balio izan zuen, shorinji kempo komunitate globalaren barruan elkar ulertzea eta kohesioa sustatuz”.
Ikusi GUSKEKO Iñigo Mujikaren lana ondorengo bideoan: