Arrastakak Aneto igotzeko irteera antolatu du Maiatzaren Leheneko zubirako
Irteeran parte hartzeko interesa dutenek Ehunmilak-Arrastakaren egoitzan apirilaren 28an 19:00etan egingo den bilerara joan behar dute.
Mendigoizaleak Aneton, artxiboko irudian, gurutzea hor zela.Arrastakak utzia Arrastaka Mendi Taldeak Aneto (3.404 metro) igotzeko irteera antolatu du Maiatzaren Leheneko zubirako. Senartatik abiatu eta Vallibiernatik igoko direla azaldu du taldeak. Arrantzaleen aterpetxean egingo dute lo. Azken egunetan zeresana eman du gailurrean zegoen gurutzearen desagerpenak.
Irteeraren xehetasun batzuk eman ditu taldeak: “Coronasko iboiak gurutzatu eta goraxeago Estasen kanal ezagunera egingo dugu, elurtutako korridore esanguratsua, 45 zein 50º raino ere iristen den maldarekin. Bertatik ertz ikusgarri batera iritsiko gara eta ezkerraldetik aurrera eginez Anetoren gailur dotoreraino gidatuko gaitu, Pirinioetako gailurrik garaienera hain zuzen. Jaitsierako bidea berriz, tontorra bezain ezaguna den Mahomaren pasartetik egingo dugu”, azaldu du.
Gogorarazi du irteerarako maila altuko baldintza fisikoak eta maila teknikoa behar direla, eta horregatik, neguko mendizaletasunean esperientzia izatea, pioletaren eta kranpoien erabilerarekin ohituta egotea, elurtutako ingurunean segurtasun tekniken ezagutza eta sokaren eta korapiloen erabilerarekin praktika izatea ezinbestekoak dira parte hartzeko.
Irteeran parte hartzeko interesa dutenek Ehunmilak-Arrastakaren egoitzan apirilaren 28an 19:00etan egingo den bilerara joan behar dute, xehetasunak zehaztu eta zalantzak argitzeko. Derrigorrezkoa da mendiko federatu txartela izatea.












