Aurten ere artelanak, Klasikoaren irabazleentzat
Legazpiko Santikutz Txirrindulari Klasikoaren 92. edizioko garaikurrak Ane Urtzelai artistak egin ditu aurten ere. Artelan bakarrak eta originalak dira. Gaur iluntzean aurkeztuko dute txirrindulari proba, 19:00etan, Kultur Etxean.
Aurten ere Ane Urtzelai legazpiarraren artelanak eramango dituzte opari maiatzaren 1eko Santikutz txirrindulari Klasikoko irabazleek. Guztira bederatzi garaikur dira, originalak eta bakarrak, eta ikusgai daude Kale Nagusiko Korosti Kafea dendan.
Altean (Alacant, Herrialde Katalanak) egiten ari den Artean Ekoizpena eta Ikerketa masterrak utzitako denbora librean egin ditu lanak. Aurreko urteetan egindakoen estilo berekoak dira; 2023ko Klasikorako egin zituen lehen aldiz. «Material pisutsuak erabili ditut, egurra, marmola eta metala, pisuak irabazi den horren garrantzia transmititzeko», azaldu du. Margoak olioz egin ditu, iazko lasterketako argazkiak erabilita erreferentzia gisa. «Margo horietan saiatu naiz islatzen garaikurraren gaia: irabazlearentzako bada, irabazten ari den txirrindularia margotu dut, bere maillotarekin; mendiko lehenarentzat bada, atzean mendi bat duen txirrindularia bere maillotarekin, eta horrela…».
Aurtengo garaikurrak egitea «erronka handia» izan dela ere esan du, «ez naiz Legazpin bizi, eta nahiko arazo izan dut garraioarekin, baina Benidormera etorri diren legazpiar jubilatu batzuei esker gainditu dut guztia». Horrela lortu du hainbat material, eta behin garaikurrak amaituta Legazpira eramatea ere bai. «Esker hitzak besterik ez ditut haientzako, laguntza handia izan da».
Beste arazo bat ere izan duela aitortu du: «Emakume bezala eraikuntzaren munduan murgiltzea». Orain arteko garaikurretarako, Legazpin Paulo Ormazabal arotzaren laguntza izan du, eta berak lortu izan dio eraikuntzako materiala. Muntaian ere lagundu izan dio, aita Xabirekin batera. «Baina aurten prozesu guztia nik egin behar izan dut, eta tokatu zait eraikuntzako denda eta pabiloietara joatea, eta emakume izanda nahiko gogorra izan da, ez nautelako serio hartu, nahiz eta argi azaltzen nien zer nahi nuen; etengabe erakutsi behar izaten nien banekiela zer eta zertarako nahi nuen eskatzen niena». Baina hori ere gainditu zuen.
Klasikoaren aurkezpena
Telleriarteko Txirrindulari Elkarteak gaur aurkeztuko du maiatzaren 1eko Klasikoaren 92. edizioa. Aurkezpena Kultur Etxean izango da, 19:00etan. Txirrinduzale guztiak daude gonbidatuta.














