Enirio-Aralarko ganadu kargaren eta ganaduzaleen profilaren berri eman du mankomunitateak
Aurten 17.654 abelburuk dute larratzeko baimena, horietatik 15.112 ardiak. Baimendutako ganaduzaleak 150 dira, ATP maila dutenak 61. Ganadu kargaren intentsitatea "moderatua" dela dio txostenak.
Behiak larrean, joan den igandean, Esnaurreta inguruan, Mendibilgo gainetik ateratako argazkian. Iñaki Gurrutxaga Enirio-Aralar mankomunitateak 2026ko baimendutako ganaduzaleen txostena kaleratu du. Aurten mendian izango den ganadu kargaren berri ematen du datu ofizialetan oinarrituta, eta horrez gain, larreen erabilerari, ganaduzaleen profilari eta UGM (Unidad de Ganado Mayor / Ganadu Larriaren Unitatea) bidezko karga intentsitateari buruzko datuak jasotzen ditu.
Aralarrek larratzeko eskubidea 17.654 aberek izango dute aurten, eta horietatik gehiengoa ardiak izango dira, 15.112. 150 ganaduzale dira baimena dutenak, eta horietatik 61 (%40,7) dira ATP (Agricultor a titulo principal) maila dutenak. Maila horrek adierazten du errenta osoaren %50 baino gehiago nekazaritza jardueratik lortzen dutela, eta nekazaritza jardueretan emandako denbora lan-denbora erdia baino gehiago dela.
ATPak gehiengoa ez izan arren, haiena da ganadu karga nagusia. UGM/ha karga intentsitatea 0,80koa da, eta mankomunitatearen arabera “moderatua” da kopuru hori.
Ganaduzaleen profila
Guztira 150 ganaduzaleri eman die mankomunitateak Aralarrera ganadua igotzeko baimena. ATP maila dutenak 61 dira (%40,7), honela banatuta: 31 artzain, sei behorzale, hamabi behizale eta 11 behi/behor/ahuntz. ATP maila ez dutenak 89 dira (%59,3), banaketa honekin: zazpi artzain, sei artzain/behorzale/behizale, bederatzi behizale, 53 behorzale, sei ahuntzaia eta zazpi behor/behi/ahuntz.
Mendiko abere zamari dagokionez, ATP direnen ganadu kopuruak suposatzen %78a eta ez direnenak %22a. Titulartasunari dagokionez, hauexek dira datuak: 46 emakumezkoak, 87 gizonezkoak eta 16 elkarte zibilak.
Eskaerak eta baimenak espezieka
| Espeziea | Eskaerak | Baimenduak | Baimendutako UGM | %UGM |
| Ahuntzak | 328 | 270 | 20,28 | 1 |
| Behiak | 1.168 | 1.149 | 576,36 | 26 |
| Ardiak | 16.268 | 15.112 | 1.154,89 | 52 |
| Behorrak | 1.131 | 1.123 | 487,74 | 22 |
Ardiak dira mendiko larrearen erabiltzaile nagusiak, bai kopuruz bai UGM kargaz. Hala ere, bilakaerak erakusten du ardien kopurua txikitzen ari direla urtez urte.
Behiek eta behorrek ere presentzia esanguratsua eta paretsua dute, eta bilakaera gorakakoa da.
Ahuntzen karga txikia da, eta hauek bilakaera ere goranzkoa da. 2024tik dute mendira igotzeko baimena.
Mankomunitatearen esanetan, eskaeren eta baimenen arteko aldea “txikia” da, eta horrek “kudeaketa administratibo egonkorra” erakusten du.
Beheko grafikoan ikus daiteke bilakaera.
Guztizko karga eta azalera
UGM karga ekibalentzia taula batetik ateratzen du mankomunitateak. Euskal Autonomia Erkidegoak zehaztuta dauka azienda mota bakoitzeko zenbat UGM suposatzen duen. Guztizko UGM karga 2.2379,27koa da, eta larre planean kontuan hartzen den azalera 2.797,91 hektareakoa da. Horrenbestez, karga intentsitatea 0,80 UGM/ha-koa da.
Mankomunitateak egindako interpretazioaren arabera, karga intentsitatea “moderatua” da Enirio-Aralarko larretan. “Larreak erabilera orokorrean ez daude gainkargatuta, eta orokorrean jasangarria dela ondoriozta daiteke”.
Mendiaren kudeaketari dagokionez, mankomunitateak dio “eremu eta data konkretu batzuetan gainkargak sor” daitezkeela. Txostenaren arabera, ardiak dira “presio nagusia” sortzen dutenak, baina haien “banaketa orekatua” da.
Ganadura kopuruaren bilakaera 1991-2026
Azken 25 urteotako bilakaera zein den erakusten duen grafiko bat jaso du mankomunitateak txostenean.
Orain mende laurden eta orain Aralarren larratzen ardi kopurua antzekoa da (15.000 inguru), baina 1996tik 2014ra kopurua 18.000tik gorakoa izan da. 2024tik gaur arteko joera beheranzkoa izan da.
Behien eta behorren kasua bestelakoa da joera, ia urtez urte goranzkoa izan baita. Orain 25 urte berrehun behi inguru larratzen ziren Aralarren, eta gaur egun mila burutik pasa. Behorrek gehiago ziren orain mende laurden (400en bueltan), eta gaur egun ia hiru aldiz gehiago dira.
Ahuntzen kasua bestelakoa da, grafikoaren arabera hiru urte baitira soilik ahuntzak igotzeko aukera dagoenetik.














